Advaita Vedanta
Advaita Vedanta (sanskritoz: अद्वैत वेदान्त, Advaita Vedānta, ʌðˈvaɪtə vɛˈðɑːntə ahoskatua; hitzez hitz «ez dualtasuna») hinduismoaren adar ez dualista bat da, arimen (atman) eta jainkotasunaren (Brahman) arteko batasuna aldarrikatzen duena.
Adi Shankara (788-820) filosofo indiarrak Upanishad (antzinako erlijio vedikoa erreformatu eta egungo hinduismo bihurtu zuten testu hinduista garrantzitsuak) eta Gaudapada bere irakaslearen idazkeretatik abiatuta osatu zuen doktrina hau.
Shankarak kontzientziaren hiru egoerak— esna egotea, lo egitea eta lo sakona — aztertzen zituen, eta munduak izaera erlatiboa duela erakusten zuen. Advaitaren egia gorena ezarri zuen orduan: errealitatearen dualtasunik eza. Brahman (jainko inpertsonala) eta atmana (banako arima bakoitza) bat besterik ez dira: arima guztiak Jainkoa dira. Brahman (Jainkoa) munduko errealitate bakarra da. Brahmanaz gain, dena faltsua da: unibertsoa, objektu materialak eta pertsonak. Ilusioaren (maya) eraginpean, arima bakoitzak gorputz bat dela, Jainkoarengandik bananduta dagoela eta berarengandik desberdina dela uste du. Arima indibidualak mayaren errezela ezabatzen duenean, egiaz ohartzen da: ez dago alderik haren eta Jainkoaren artean.
Shankararen teoriak hasieratik izan ziren eztabaidagarriak. Advaita filosofia Indiako sakonena da, baina ez da oso zabaldua, nahiz eta ziurrenik vedanta doktrinen artean ezagunena izan.
Vedantisten ustez, Brahmana Saguna Brahman (Jainkoa gaitasunekin) edo Nirguna Brahman (Jainkoa gaitasunik gabe) bezala ezagutu daiteke. Uste dute Saguna Brahmanekiko jarrera deboziotsuak (Vishnu, Shiva edo Kali jainkoek bezala, edo Dattatreya edo jainko hauen beste avatar partikular batek bezala) arimari laguntzen diola maya errezeletik askatzen eta azken egia aurkitzen: Jainkoak ez du ez ezaugarririk ez kualitaterik.
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau erlijioari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |