[go: nahoru, domu]

Astigarraga

Gipuzkoako udalerria

Astigarraga Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Donostialdea eskualdekoa eta, haren barruan, Buruntzaldea elkartekoa. 5.901 biztanle zituen 2016. urtean. Astigarraga tradizioz sagardoari loturik dago, bereziki horregatik da ezaguna. Euskal Herrian sagardotegi gehien dituen herria da, 20 baino gehiago.[4]

Astigarraga
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Astigarragaren goitiko ikuspegia; hondoan, Jaizkibel mendia.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaBeterri-Buruntza
Izen ofizialaAstigarraga
AlkateaXabier Urdangarin Lasa (EH Bildu)
Posta kodea20115
INE kodea20903
Herritarraastigartar
Kokapena
Koordenatuak43°16′54″N 1°56′51″W / 43.2816°N 1.9475°W / 43.2816; -1.9475
Map
Azalera12 km²
Garaiera25 m
Distantzia7 km Donostiara
Demografia
Biztanleria7.666 (2023)
249 (2022)
alt_left 3.220 (%42) (%43,2) 3.312 alt_right
Dentsitatea638,83 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 34,24
Zahartze tasa[1]% 22,81
Ugalkortasun tasa[1]‰ 62,55
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 87,74 (2011)
Genero desoreka[1]% 3,45 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 9,04 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 58,25 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 38.7 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 45.33 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1987 Donostiatik banandua
Webguneahttp://www.astigarraga.eus
OharrakEuskal Herrian kokatutako herria da
Astigarragako herri eskola

Geografia fisikoa

aldatu

Herri honetatik Urumea ibaia igarotzen da. Mendi famatuena Santiagomendi da, eta bertan sagardotegi bat dago. 2014 arte Arantzazuko Ama izeneko eskola bat zuen, lehen erlijiosoa eta pribatua zena, baina gerora publiko bihurtu zutena. 2014tik Astigarragako Herri Eskola deritzo eskolari.

Mugakideak

aldatu

Astigarragak mugakide ditu iparralde eta mendebaldean Donostia, hegoaldean Hernani eta ekialdean Errenteria.

Auzoak

aldatu

Azpiegiturak

aldatu

Kultura

aldatu
  • Sagardoaren museoa[5]
  • Santiagomendiko natur eskola eta aterpetxea[6]
  • Santiagomendi etnografia parkea[7]
  • Udal liburutegia[8]

Hezkuntza

aldatu

Kirola

aldatu
  • Kiroldegia[11]
  • Txomiñenea pilotalekua[11]
  • Auzolan pilotalekua[11]
  • Zarkumendegiko futbol zelaia[11]
  • Probalekua[11]

Gizarte zerbitzuak

aldatu

Historia

aldatu

Santiagomendi mendian daude Astigarragako aztarna zaharrenak. Santiagomendin historiaurreko herrixka baten aztarnak daude, eta uda-kanpainetan induskatu izan dira 1993.ean aurkitu zirenetik.[14] Herrixka horretan Kalkolito garaikoak, Brontze Arokoak, Burdin Arokoak eta erromatarren kolonizazioaren hasierakoak diren aztarnak aurkitu dira.

Herrixka hau, aztarnategiko aurkikuntza arkeologikoen arabera, duela 2.000 urte inguru hustu zen. Aldi hori bat dator erromatarren kolonizazioaren hasierarekin. Plinio Zaharra idazle erromatarra bere Natur Historiaeko hirugarren liburuan jaso zuen oppidum bat zegoela Morogi izeneko barduliar tribuaren lurraldean. Ez dakigu zehazki non dagoen Morogi, baina, oro har, adituek Urumeako behe-ibarreko lekuren batean kokatu ohi dute, Murgia toponimoarekin duen antzagatik. Horietako batzuek, hala nola Alfonso del Valle de Lersundi historialariak, Morogi Ergobia auzoan zehazki kokatzen zela uste izan dute, aspalditik Urumea ibaia zeharkatzeko balio zuen ibi bat egon baita bertan. Gaur egun ez dakigu Santiagomendiko herrixkaren eta erromatarrek aipatutako Morogiren artean harremanik izan ote zen.

Badirudi Astigarragako egungo gunea Erdi Aroan osatu zela Donejakue bideko Barnealdeko Euskal Bidearen etapa gisa, X. eta XIII. mendeen artean garrantzi handiena izan zuena. Berriro ere herrigunea Santiagomendi mendian agertzen da. Astigarragak Donejakue Bidearekin duen lotura ez da idatzizko dokumentazioan ageri, baina bertako tradizioan, toponemian eta ebidentzia fisikoetan oinarritzen da. Jakina da bidea Astigarragatik igarotzen zela, baina ez herriak bide horretan zuen garrantzia. Hala, mendiaren magalean herriguneari mendiaren izen berdina eman zioten, Santiagomendi, eta baita tontorrean dagoen baselizari, Santiagomendi baseliza. Donostiako Elizbarrutiko Museoan baseliza horretako XIII. mendekoa tailu bat dago. Jakina, Santiago da egun herriko patroia.[15]

Hasiera batean Astigarraga Santiagomendi mendiaren magalean zegoen, eta ibarraren behealdean, berriz, Erdi Aroan beste erakunde politiko feudal bat eratu zen: Murgiako jaurerria. Murgiako jauntxoek, muino txiki bateko dorretxetik, Urumea ibaiaren ertz emankorrak eta Ergobiako pasabide estrategikoa kontrolatzen zituzten.

Murgiako jaurerria

aldatu

Jakin badakigu Murgiako lehen jauna Diego Lopitz Salcedo izan zela, XIII. mendean bizi izan zena. Esaten da Bizkaiko Jaunetako baten seme naturala izan zela eta Araba eta Gipuzkoako merino nagusiko karguak izan zituela 1261 eta 1291 artean.

 
Murgia sendiaren zuhaitz genealogikoa, Murgia Jauregiaren barruan.

Murgiako jaunek beren etxe-dorrea zuten gaur egun Murgia Jauregia dagoen lekuan. Handik, inguru horretan jarduten zuten, eta burdinolak, errotak, mendiak eta, bereziki, Ergobiako pasabidea kontrolatzen zituzten Urumearen gainean, han bidesaria kobratzen baitzieten zubitik pasatzen ziren salgaiei.

XIV. eta XV. mendeetako bandoen arteko gerretan, Murgiak oinaztar bandoaren parte ziren. Garai ilun horretan, Murgiako jauntxoek Astigarragako bizilagunen gaineko jaurerri-jabariko harreman bat sortzea lortu zuten. 1382an, Murgiako nagusi Navarra Martinez Oinazkoa andrea zela, Diego Lopitz Salcedo jaunaren biloba, Astigarragako bizilagunek kontratu bat sinatu zuten Murgiako jaun-andereekin, eta horren bidez, jaun-andereei zerbitzu batzuk eman eta zergak ordaindu behar zizkieten; jaun-andereek, ordainean, babesa eta zenbait eskubide aitortzen zizkieten herritarrei.[15]

Lope Gartzea Salazar kronistaren arabera, Gipuzkoako ermandadeak 1456an zigortu zituen etxeetako bat izan zen Murgiatarrena.

Murgiako jaurerria rara avis bat izan zen Gipuzkoako ordenamendu juridikoan XV. mendea XIX. mendea bitarte. Barruti itxia bat zitzaiona zen, jaunen jabetzako lur eta finka batzuk, inongo toki-erakunderen mende ez zeudenak, baizik eta zuzenean Probintziako Ermandadearen jurisdikzioaren mende zeudenak.

Astigarragako herribildua

aldatu

Aro Modernoaren zati batean, Astigarraga Aiztondoko alkatetza nagusiko parte izan zen, Astigarragako lurra eta unibertsitatea izenarekin. Astigarragako biztanleak Aiztondoko Alkatetzara atxekiturik zeuden, Asteasuko, Larraulgo, Sorabillako eta Urnietako biztanleak bezala (egiaztatu ahal denez, 1397. urteaz geroztik sortu zen alkatetza hori, Gipuzkoako hiru entitate handienetariko bat zelarik).[15] Ez dakigu noiz sartu zen Astigarraga Alkatetza Nagusi honetan, XIV. mendearen amaieran bederen. Historialariek diote Astigarraga Aiztondon sartzea borondatezkoa izan zela, Murgiako jaunen menpetik ihes egin nahian. Aiztondoko alkatetza nagusiak Asteasun zuen hiriburua, 20 km-tik gora, eta Astigarragak bere jurisdikziotik urrun zegoen enklabea osatzen zen. [16]

Alkatetzak ez zuen jurisdikziorik murgiatarren lurretan, horiek errejidorearen eta probintziako anaiartearen menpean baitzeuden zuzenean. Hori horrela, aipatu bezala, jakintzat eman daiteke astigarragatarrak bere kabuz sartu zirela Alkatetza Nagusian jauntxoen botereari ihes egiteko asmoz; haatik, geroago murgiatarren babesa eskatu zuten berriro, oreka bila zebiltzala. 1576. urtean Felipe Murgiakoak Aiztondora bildu nahi izan zuen bere baserria, baina ez zuen lortu. XVII. mendean, Aiztondoko Alkatetza Nagusitik banatu egin ziren, Urnieta, 1615. urtean, eta Astigarraga, 1660. urteko urtarrilaren 26an. Banaketa ez zen batere erraza izan, eta Gorteak bere buruaren jabe izatearren eskatu zizkien 2000 urre-dukatak ordaindu ahal izateko, eginahal handiak egin behar izan zituzten herrikideek: auzo-lurrak saldu behar izan zituzten eta produktu guztien gaineko zergak igo, besteak beste. Orduan, alkateaz eta bi zinegotziz osatutako Udala sortu zen eta Astigarragari probintziako Batzar Nagusietara sei ordezkari bidaltzeko eskubidea eman zitzaion, bertan hirurogeita bigarren postuan botua ematen zutelarik, Aiztondoko alkate zen Eskilatxe Printzearekin batera lekua banatuz, azken horrek banaketa eta gero errege-eskubideak gorde zituen.[15]

Aro garaikidea

aldatu

Lehen karlistaldian (1833-1840), Murgiako jaunak eta Valdespinako markesak, José María Orbe Eliok, zeregin garrantzitsua izan zuten karlisten artean, izan ere, arlos erregegaiaren landa-mariskala eta gerra ministroa izan baitzen. 1839an Euskal Herrian gerra amaitutzat ematen zuen Bergarako Hitzarmenaren aurka zegoenez, José María Orbe erbestera joan zen.

Agian, Murgiako jaunak gatazkan izandako egitekoaren ondorioz, 1840an, lehen karlistaldia amaitu ondoren, gobernu liberalak Murgiako eta Astigarragako bi jurisdikzioak toki entitate bakar batean sartu zituen, eta Murgia Astigarragaren barruan geratu zen. Gauza bera gertatu zen Ergobia auzoarekin.[17] Handik urte gutxira, 1845ean, udal lege berriaren arabera eratu zen Astigarraga.

Donostiako auzo

aldatu

Espainiako gerra zibila amaitu eta urte gutxira, 1941eko irailaren 30ean, Astigarragako Udalak akordio batean onartu zuen Donostiari atxikitzea. Anexioak gehiago erantzuten zien Donostiaren interesei, bere biztanleria eta lurraldea herriaren beraren interesei baino, baina diktadura egoera orokorrak akordioari edozein erantzun ematea eragozten zuen. Bi urte geroago gauzatu zen indarrean, EAOn argitaratu zenean, eta urte horretako azaroaren 29an bi herrien arteko mugan egindako ekitaldi batez irudikatu zuten elkarketa.[18]

Donostiakoa zen urteetan, Astigarragak modu jarraituan bere populazioa bikoiztu egin zuen. Altzarekin gertatu ez bezala, urte berean Donostiari atxiki zitzaiona ere, Astigarragako kasuan anexioaren helburua ez zen Donostiaren hiri-hedapena baizik zenbait industrialde berriren eraikuntza. Hala, herriak bere nortasunari eutsi zion.

Hamarkada batzuk geroago, demokrazia iristearekin batera, herritar mugimendua hasi zen 1941 aurreko egoerara itzultzeko eta desanexioa eskatzeko. 1984ko abenduaren 30ean egindako erreferendum batean, herritarren %91,68k desanexioaren alde bozkatu zuten.[19] Handik gutxira, Donostiako Udalak desanexioa onartu zuen, Aldundiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1987ko apirilaren 9an berretsia. 1987ko ekainaren 30ean eratu zen Astigarragako udaletxe demokratiko berria.


Demografia

aldatu
Astigarragako bilakaera 1944tik 2022tik ortofotoen ikuspuntutik.

1943tik 1987ra Astigarraga Donostiarekin batuta egon zen. Sasoi horretan herriak hazkunde industrial garrantzitsua izan zuen. Desanexioaren ondoren, Astigarragaren populazioak handitzen jarraitu zuen, Donostiaren hazkunde eremuan egoten jarraitzen baitu. XX. mendearen lehen hamarkadan izan zen gorakada batez ere, populazioa %50ean igo baitzen 10 urte horietan.

2019an herriak 6.180 biztanle zituen. Horietatik %11,7k 65 urte edo gehiago zuen. Atzerrian jaiotakoak %7,28 ziren.[20]

Astigarragako biztanleria

Euskara

aldatu
Astigarragako Andoni Arzallusen[21] testigantza, herrian erdara nola sartu zen kontatzen duenekoa. Euskal Herriko Ahotsak[22][23] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Astigarragako euskara[24] gipuzkeraren edo erdialdeko euskalkiaren[25] aldaera bat da, zehatzago esanda, erdiguneko gipuzkeran[26] barne dagoen Beterriko euskara[27] da bertakoa. Koldo Zuazoren arabera, Beterri izan da euskalkiaren bihotza. Zehatzago esanda, Iruñea eta Gipuzkoako itsasbazterra lotzen duen ardatz zatia. Aspaldikoa da ardatz hori, eta haren aldamenetan sortu eta indartu ziren zenbait hirigune. Ardatz horren indarra inguruetara zabaldu zen, eta zabaldutako gaien artean dago hizkera ere. 2016an herritarren %64,74 euskalduna zen.[20]

Ekonomia

aldatu

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: lehen sektorea BEGaren %0,2; bigarren sektorea %17,3; hirugarren sektorea %57,4; eraikuntza %25,2.[20]

Politika

aldatu

Udal hauteskundeak

aldatu
 
Astigarragako udaletxea

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Bilduko Andoni Gartzia Arruabarrena hautatu zuten alkate. Bilduk gehiengo osoa lortu zuen (zazpi zinegotzi), EAJk bi zinegotzi eskuratu zituen eta Hamaikabat alderdiak beste bi.

2015eko udal hauteskundeetarako Astigarragan hamahiru zinegotzi aukeratu zituzten herritarrek, herriaren hazkundearen ondorioz bi zinegotzi gehiago lortu baitzituen udalbatzak. Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk zinegotzi bat galdu zuen, seirekin geratuz, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak lau irabazi zituen, guztira sei eskuratuz. PSE-EEk, berriz, zinegotzi bat lortu zuen. Hamaikabat alderdia ez zen aurkeztu 2015ean eta, beraz, udalbatzan zituen bi zinegotziak galdu zituen. Emaitza horiekin, nahiz eta alderdirik bozkatuena Euskal Herria Bildu izan, EAJ eta PSE-EE alderdiek EAE mailan egindako akordioari esker Jesús María Santos jeltzalea hautatu zuten alkate.

2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EH Bilduk 1.563 boto (7 zinegotzi). EAJk 1.252 boto (5 zinegotzi). PSE-EEk 269 boto (zinegotzi 1). PPk 47 boto.[28] Xabier Urdangarin (EH Bildu) izendatu zuten alkate.[29]

Astigarragako udalbatza

Alderdia

2015

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu
6 / 13
1.130 (% 44,54)
7 / 13
1.563 (% 49,92)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6 / 13
1.113 (% 43,87)
5 / 13
1.252 (% 39,99)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE)
1 / 13
245 (% 9,66)
1 / 13
269 (% 8,59)
Datuen iturria: Udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

aldatu
Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia
Antton Arka Montoro 1987 1990 Herri Batasuna
Martin Agirre Lete* 1990 1991 Herri Batasuna
Mikel Zabala Arregi 1991 1999 EA
Miren Elixabete Laburu Labaka 1999 2003 Euskal Herritarrok
Bixente Arrizabalaga Bengoetxea 2003 2011 EA - H1!
Andoni Gartzia Arruabarrena 2011 2015 Bildu
Jesús María Santos Anabitarte 2015 2017 Euzko Alderdi Jeltzalea
Zorione Etxezarraga Ortuondo 2017 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Xabier Urdangarin Lasa 2019 2023 Euskal Herria Bildu
Xabier Urdangarin Lasa 2023 Jardunean Euskal Herria Bildu
  • Antton Arka alderdikidea ordezkatu zuen hau Auzitegi batek Espainiako bandera "iraintzeagatik" kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi zuenean.

Ondasun nabarmenak

aldatu

Monumentu megalitikoak

aldatu

Eraikin erlijiosoak

aldatu

Eraikin zibilak

aldatu
  • Murgia jauregia. 1457an su eman zioten, eta hurrengo mendeetan ere sute asko jasan zituen.[30]
  • Udaletxea. XVIII. mendekoa.[30]
  • Plazaetxea. Santiagomendi auzoan kokatua. Hau izan zen udaletxea garai batean.[30]

Eraikin militarrak

aldatu


Sagardoa

aldatu
 
Irigoien Herrero sagardotegiko irudia.

Euskal Herriko udalerrien artean, Astigarraga da sagardo gehien ekoizten duena, bertan 20 sagardotegi baino gehiago baitaude: Akelenea, Artola, Alorrenea, Arrizabalaga, Astarbe, Bereziartua, Buenabentura, Etxeberria, Gartziategi, Gurutzeta, Irigoien, Larrarte, Lizeaga, Mendizabal, Mina, Oialume Zar, Oiarbide, Petritegi, Rezola, Sarasola eta Zapiain. Herrian dago gainera Sagardoetxea, euskal sagardoaren museoa, sagasti museistiko bat duela bertan.

Sagardotegien artean Astarbe de zaharrena, 16. mendekoa, 1536ko agirietan aipatua.[31] Zenbait sagardotegitan dolare zaharrak ere gordetzen dira, adibidez Irauntza, Pikoaga, Illagorriene eta Zabalea etxeetan.[32]

Sagardo produkzioa ohikoa izan da Astigarragan azken mendeetan. 20. mende hasieran, bereziki, modan egon ziren Astigarraga eta Urumeako bailarako sagardotegiak, non sagardoa kanilatik zerbitzatzen zen, basoz baso. Sagardotegiak aisialdirako leku bilakatu ziren, baina mendearen 2. zatian, tabernetan ardoa, garagardoa eta freskagarri gaseosoak saltzen hasi ziren, bezeroentzako erakargarriagoak ziren produktuak, eta 1960ko hamarkadan sagardoa ordezkatua zuten modako edari gisa. Inguruan, Astigarraga izan zen sagardogintzari eutsi zion puntu bakana, baina 1980ko hamarkadatik aurrera sagardotegiak berriz indartzen hasi ziren, esperientzia kontzeptu bati lotuta neurri batean, 21. mendean indartu den joera bat.[17]

Astigartar ospetsuak

aldatu
 
Arantxa Tapia, politikari eta ingeniaria.
 
Agin Laburu, bertsolari eta kazetaria.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. «Sagardotegiak» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  5. «Sagardo museoa» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  6. «Santiagomendiko natur eskola eta aterpetxea» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  7. «Santiagomendi etnografi parkea» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  8. «Kultura» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  9. a b c d «Hezkuntza» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  10. «Gazteria» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  11. a b c d e «Kirola» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  12. «3. adina» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  13. «Osasun zentroak» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  14. (Gaztelaniaz) Rojas, Ana Gabriela. (2004-08-14). «Un descubrimiento en Santiagomendi» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  15. a b c d «Historia» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  16. (Gaztelaniaz) Gaiztarro, Mariano Ciriquiain. (1947-06-30). «LA FORMACION DE LAS VILLAS, EN GUIPUZCOA.» Revista de Estudios de la Administración Local y Autonómica: 366–384.  doi:10.24965/reala.vi33.5977. ISSN 1989-8975. (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  17. a b «"Sagardogintza gure baserrietan" erakusketaren panelak - Dokumentazio zentroa» sagardoarenlurraldea.eus (Sagardoetxea) (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  18. «Historia» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  19. (Gaztelaniaz) Astigarraga, Felix Zusberro, Presidente de EAJ-PNV de. (2017-07-05). «La desanexión: una apuesta del PNV» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  20. a b c «Web Eustat. Astigarragako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  21. «Arzallus Aristi, Andoni - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  22. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  23. «Erdara nesken bitartez ikasi zuten - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  24. «Astigarraga - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  25. «Erdialdekoa - Gipuzkera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  26. «Erdigunekoa (G) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  27. «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  28. https://www.euskadi.eus/ab12aAREWar/resultado/maint
  29. (Gaztelaniaz) «Urdangarin nombrado nuevo alcalde y Etxezarraga dice adiós al Consistorio» El Diario Vasco 2019-06-16 (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  30. a b c d e «Monumentu interesgarriak» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  31. «Gidak eta informazio praktikoa - Astigarragako gida» Sagardoaren Lurraldea (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  32. «Dolareak baserrietan - Dokumentazio zentroa» sagardoarenlurraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  33. «Txomin San Sebastián» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  34. «Jose Elzo Azpiazu» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  35. «Joaquin Iruretagoiena» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  36. «Ignacio Berasarte» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  37. «Bernardo Alberro» Astigarraga (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa