Hazi-jartze
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Hazi-jartzea[1], Ernalketa artifiziala edo Intseminazio artifiziala[2] ugalketa metodo bat da, sexu-harremanik gabe emearen ugaltze aparatuan arraren hazia jartzean datzana.
Tresneria bereziak erabiliz egiten da eta obuluetan, umetokian, umetoki-lepoan zein Falopioren tronpetan gertaraz daiteke.
Historia
aldatuSumertarrek idazkera asmatu izanaz gain, lehenengo aldiz teknika berri bat erregistratu zuten (guztiz artisanala zena), hazi-jartzea artaberetan. Geroago zaldizkoetan erabili zen.
Nahiz eta praktika hau modernoa dela pentsatu, lehenengo saiakerak XV. mendean kokatzen dira: pentsatzen denez (erreferentzia barik), Joana Portugalgoarengan, Henrike IV.a Gaztelakoaren emaztearengan saiatu ziren egiten. Izan ere, errege honi "inpotentea" deitzen omen zioten. 1677an Leeuwenhoek zientzialari holandarrak fabrikatu zituen mikroskopioez ikusi ahal izan zituen espermatozoideak. 100 urte geroago, Lazzaro Spallanzani fisiologo eta abade italiarrak, obuluak eta haziak enbrioia garatzeko kontaktu fisikoa izan behar zutela frogatu zuen. Ordu arte zuten ustea zera zen, enbrioia arren haziaren produktua zela eta emakumearen umetokiko paretetan elikatzen zela. Spallazanik arrain eta anfibioetan intseminazio artifizialaren saiakera arrakastatsuak egin zituen.
Hazi-jartzearen teknika modernoagoak asmatzeko grina Errusian sortu zen, 1899an. 1922an zaldi bati intseminazio artifizial arrakastatsua egin zitzaiola agerrarazi zen. 23 urte geroago, 1950 inguruan, hazi-jartzea ezarritako industria bihurtu zen: 1949an hazia izozteko eta desizozteko metodo berriak agertu ziren eta 1950an haziari antibiotikoak gehitu zitzaizkion gaixotasun benereoak ekiditearren. Geroago, 1970 eta 1980ko hamarkadetan, hazia biltzeko metodo eraginkorrak garatu ziren.
Gizakiei aplikatua
aldatuGizakietan ugalkortasunik ez dagoenean erabiltzen da, batez ere. Antzutasun horren jatorriaren arabera bi hazi-jartze mota bereiz daitezke:
- bikotearen hazia erabiliz egindakoa
- emaile batek emandako hazia erabiliz.
Lehenago, bikotekidearen eta emailearen haziak nahasten ziren, hori egin ezean ekintza adulteriotzat eta prozesu honetatik irtendako umea legalki sasikumetzat har zitezkeelako. Urteak igaro ahala, bestelako emailearen haziaren bidez egindako hazi-jartzea sozialki onetsi denez, aurreko prozesu hau erabiltzeari utzi diote.
Intseminazio artifizialerako metodorik errazenak emakumearen hileko zikloa aztertzean datza, eta hazia obulua askatzen den une berean isuritzen da. Eraginkorragoak eta zailagoak diren metodoak ere badaude, izan ere, espermatozoideak uteroan bertan isurtzean ernalketa emateko aukerak handitzen ditu, kasuaren arabera.
Lege kontuak
aldatuEmaileak ezin du inondik inora etorkizunean ama izango dena ezagutu, bestela honek betebehar legalak izango zituen umearen alde, aita ezagutzeko eskubidea edota herentzia bezalakoak.
Askotan, emaileak nahi ez izandako betebeharrak jasan behar izaten ditu arazoren bat egotekotan.
Arazo etikoak
aldatuHazi-jartzeak hainbat arazo etiko sortu ditu gure gizartean. Izan ere, metodo hau ez da betidanik onartu, ez sozialki ez legalki. Beraz, badaude ugalketa metodo hau ongi ikusten ez duten zenbait pertsona.
Elizaren ikuspuntutik ez dago onartuta; haren iritziz senar-emazteengandik ilkitako umeak sexu arremanaren bidezkoa izan behar luke, beste metodo guztiak alde batera utziz. Ikuspuntu honek zenbait bikotek umerik ez izatea dakar, ugalkortasun falta medio, eta egoera horrek arazo etikoak ekar ditzake. Izan ere, ugaltzeko arazoak izateak umerik ez edukitzera eraman behar zaitu beste irtenbide batzuk eskuragarri izanik? Galdera honek bikoteak beren nahia lortzera bultzatzen ditu eta elizak horren aurka jartzen da etikoa ez delako esaten duelako.
Denbora aurrera joan ahala elizak metodo honen kontra zenbait arrazoia jarri izan baditu ere, legalki onartu izan da. Zenbati pertsonari naturala ez dela eta giza ugalkortasunaren kontra doala iruditu arren, aukera hau eman zaio gizarteari. Beraz, norberak aukeratuko du metodo hau erabiltzeak etikoa ala ez iruditzen zaion, bakoitzaren egoeraren ondorioz iritziak desberdinak izango baitira.
Metodo honen aurka daudenek honako argudio hauek erabil ditzakete:
- Bizi-sorkuntzarako erabilitako teknikek jaiotako giza-biziaren gaineko manipulazio desegokia dakarte.
- Umea helburu bat lortzeko erabiltzen den teknika edo bitarteko bat besterik ez da eta "soberakin", "izoztu" edota "transferitu" ezizenaz deitzen zaio. Gainera, kalitate froga ugari jasan behar izaten ditu.
- Pertsona esperimentatzeko eta produkziorako objektutzat hartzen da, helburu bat lortzeko bitarteko bat besterik ez da, manipulaziorako objektu instrumentaltzat hartzen da eta ez subjektu pertsonaltzat.
- Fekundazio artifiziala ez da jaiotzeko ez modu egoki ezta duina, umearen jaiotza guztiz mekanizatua eta kontroltua baita, bat ere ez naturala.
- Espermatozoidez eta obuluz osatutako bikote asko ernaltzen dira eta horietatik soilik bat aukeratzen da eta hortaz, besteei ez zaie bizitzeko aukerarik ematen. Kontuan izanda espermatozoideak obulua ernaltzen duen unetik sortzen dela bizia, nolabait, besteak hil egiten dituzte.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Hazi-jartzea terminoa Euskaltermen
- ↑ Intseminazio artifiziala terminoa Elhuyar hiztegian