[go: nahoru, domu]

Publio Ovidio

idazlea
Ovidio» orritik birbideratua)

Publio Ovidio Nason, askotan Ovidio bezala aipatua, (Sulmona, K.a. 43ko martxoaren 20a - Tomis, Eszitia Txikia, K. o. 17 edo 18an) Antzinako Erromako olerkaria izan zen.

Publio Ovidio

Bizitza
JaiotzaSulmonaK.a. 43ko martxoaren 20a
Herrialdea Antzinako Erroma
BizilekuaKonstantza
Lehen hizkuntzalatina
HeriotzaKonstantza, 17 (58/59 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Irakaslea(k)Marcus Porcius Latro (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea, mythographer (en) Itzuli eta elegist (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Genero artistikoatragedia

IMDB: nm0653992 IBDB: 13173
Musicbrainz: 4f7c6dc7-fac9-48de-98cc-47498debcdaa Discogs: 1058944 Edit the value on Wikidata

Zaldun sendi batean jaio zen eta ez zituen guda zibilaren ankerkeriak ezagutu. Lehenik erretorika ikasketei lotu zitzaien baina gero literaturara lerratu zen. Bere bizitzan ospe handia lortu zuen. Augusto enperadorearekin eztabaida bat zela kausa Itsaso Beltzera erbesteratu, eta bertan hil zen.

Biografia

aldatu

Publio Ovidio Nason goi mailako familia batean jaio zen. Zaldunen klasekoa zen bere familia, eta aitak Erromara bidali zuen erretorika ikasketak egitera eta karrera politikoak egitera. Plotio Grippo irakaslearekin gramatika ikasi zuen, eta ondoren arrakasta lortu zuen Marzello Fuskoren erretorika eskolan, haren ikasle izan baitzen. Porzio Latro erretorika irakaslea ere miresten zuen, eta irakasle horren esan asko aurki daitezke Ovidioren lanetan[1]. Ovidiok aita maitasunez gogoratzen du bere idazkietan, nahiz eta ironiaz gogoratzen dituen hark poesia albo batera utzi eta zerbait probetxuzkoago egiteko botatzen zizkion erretolikak[2]. Horrela dio bere Tristia idazlanean:

« saepe pater dixit ‘studium quid inutile temptas? / Maeonides nullas ipse reliquit opes’. motus eram dictis, totoque Helicone relicto / scribere temptabam verba soluta modis./ sponte sua carmen numeros veniebat ad aptos, / et quod temptabam dicere versus erat.

Sarritan esan zidan Aitak: "Zergatik ari zara alferreko lanean saiatzen? / Homerok berak ere ez zuen inolako ondasunik utzi!" Esanak konbentzitzen ninduen, eta Helikongo musa guztiak utzirik / bertso neurririk gabeko hitzak idazten saiatzen nintzen. / Baina bere borondatez olerkia neurri egokietan sartzen zen / eta idazten saiatzen nintzena bertsoak ziren

»

—Ovidio, Tristia, 4.10.21–2


Bidaldiak egin zituen Grezia, Anatolia, Sizilia eta Egiptora greziar kulturaz jabetzeko. Garrantzi handirik ez zuten kargu publikoetan jardun zuen Erroman, baina kargu horiek berehala utzirik olerkia idazten hasi zen, eta horretan eman zuen bizitza osoa[3]. Mesalaren literatura taldean ibili zen eta garai hartako idazle handiak ezagutu zituen: Horazio, Galo, Propertzio. Hiru emazte izan zituen, eta gutxienez alaba bat eta bi iloba izan zituen[4].

 
Ovidioren Amoresen lehen orria, Cod. Bodmer 172, 159r

Bere karrera literarioa Amores ("Amodioak") lanarekin hasi zuen K. a. 20. urtean. Egileak elegiaren generoko olerkiak idazten ditu distiko elegiakoetan, Tibulo eta Propertzio egileen tradizioari jarraituz[5]. Liburuaren hitzaurre gisa egiten duen epigramaren arabera, hasiera batean bost liburuk osatzen zuten obra hura, baina egileak, bere perfekzionismoari dagokion labor limae edo zuzentze lanaren bitartez, hiru liburutara laburtu zituen[6]. Umorea, sexua eta erotismoa dira Ovidiok modu jostari eta ironikoan lantzen dituen gaiak[7]. Poetaren literaturako maitalea Korina da. Historian zehar identifikazio ugari propasatu badira ere Ovidioren maitale literarioarentzat, gaur egun asmakuntza literario bat dela kontsideratzen dute aditu gehienek[8].

Ovidioren Amores liburua zabaltzen duen epigramaren irakurketa erritmikoa, William Turpinen eskutik.

K. o. 8. urtean Augusto enperadoreak erbestera bidali zuen Itsaso Beltzaren ertzean zegoen Tomis herrira (gaur egun Errumanian), eta haren liburuak liburutegi publikoetatik kentzea agindu zuen. Ez dago garbi zergatik zigortu zuten, hainbat arrazoi adierazi izan badira ere. Batzuen ustez, Ars Amatoria laneko bertso erotikoak adulterioaren aldeko gisa eta bere programa inperialaren aurkako bezala interpretatu zituen Augusto enperadoreak, eta hori dela eta erbestera bidali zuen olerkaria[9]. Beste batzuen ustez, Ovidiok Augustoren alaba Julia Minor gazteak antolatutako zimarku batean parte hartu zuen enperadoraren aurka K. o. 2. urtean, eta horregatik bidali zuten erbestera[10]. Ovidiok berak bere olerkietan adierazten du bere erbestearen erantzuleak carmen et error ("olerki bat eta akats bat") izan zirela[11].

Idazlearen beraren arabera, Ovidiok Augustoren relegatio edo erbesteratze agindua Elbako irlan zegoela jaso zuen. Agindu horren bitartez, Ovidio Tomisera bidaltzen zuten relegatus bezala, hots, erbestean leku finko bat esleitzen zitzaion eta handik mugitzea debekatzen zitzaion. Erbeste hartan Tristia (K. o. 8-12) eta Epistulae ex Ponto (K. o. 12-16) obrak idatzi zituen, bere burua kontsolatzeko eta Augustori barkamena eskatzeko, baina ez omen zuen arrakastarik izan, tradizioaren arabera, eta erbestean zendu zen olerkaria[12].

Ikertzaileen arteko korronte batek, ordea, Ovidioren erbestea faltsua izan zela dio, asmakuntza literario bat, eta olerkaria Erroman zegoela erbesteari buruzko liburuak idazten zituen bitartean[13]. Jada 1923an, J. J. Hartmann filologo holandarrak adierazi zuen "Ovidium omnino non esse relegatum", hots, "Ovidio ez zuten inolaz ere erbesteratu"[14]. Horren alde hurrengo argudioak planteatu izan ohi dira: Ovidiok egiten dituen deskribapenak, Tomisi eta Itsaso Beltzari dagokionez, topikoak eta estereotipoz jositakoak direla, aurretik Virgilio eta beste egile batzuen idatzietan aurkitzen direnen oso antzekoak direla, erbestealdi honi buruzko beste aipamenik ez dela iturrietan Ovidioren lanetatik landa, Ovidiok bertan ez dagoela salatzen duten akats larriak egiten dituela idatzietan (adibidez, Iparizarra latitude horretan ez dagokion lekuan ezartzen du zeruan bere olerkietan) eta bere olerkietan ezartzen dituen geta hizkuntzako hitzak asmatuak direla[15]. Eztabaida oraindik bizirik dago.

Idazlanak

aldatu
 
Metamorphoses, 1643

Ovidioren lan nagusiak hauek dira:

  • Amores (K.a. 20), amodiozko elegiak;
  • Heroidas, mitologiako eta historiako emakumeek maitaleei idatzitako fikziozko gutunak;
  • Medea, ospe handia izan zuen trajedia, gaur egun galdua; Remedia Amoris (K. o. 1);
  • Ars amatoria (K. o. 1), erotismoari buruzkoa, hiru liburukitan argitaratua;
  • Medicamina faciei feminece;
  • Fasti, Erromako egutegiko jaiak hilabetez hilabete azaltzen dituen, sei liburukitan argitaratua;
  • Metamorphoseon libri (K. o. 2), hexametrotan idatzitako poema epikoa, hamabost liburukitan argitaratua, greziar eta latin literaturan eta mitoetan oinarri harturik itxuraldaketari buruzko kontaerak azaltzen dituena, Ovidioren maisu lantzat jo izan dena;
  • Tristia (K. o. 9), erbestean gutun moduan idatzitako olerki autobiografikoak, bost liburukitan argitaratuak;
  • Ibis (K. o. 11), etsai ezezagun bati erasotzen dion olerkia;
  • EpistulcP ex Ponto (K. o. 13), kexua adierazten duten gutunak, lau liburukitan.

Ovidiok eragin handia izan zuen Erromako idazleengan ez ezik, baita Erdi Aroko eta Berpizkunde garaiko idazleengan ere.

Ovidio euskaraz

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Coulson, Frank. (2015). «The Life of Ovid by Pomponius» Renæssanceforum 9: 109..
  2. Gildenhard, Ingo. (2016). Ovid, Metamorphoses, 3.511-733. 4 or..
  3. Bilbao Telletxea, Gidor. (2002). Latin-literaturarako sarbidea. Idazleak eta idazlanak. , 176 or..
  4. Turpin, William. (2016). Ovid, Amores, book I. 1 or..
  5. Turpin, William. (2016). Ovid, Amores, book 1.. , 17 or..
  6. Ovidio. Amores. , 1-4 or..
  7. (Ingelesez) Knox, Peter. (2009). A companion to Ovid. , 59 or..
  8. (Ingelesez) Heath, John. (2013). «Why Corinna?» Hermes 141.2: 155..
  9. (Ingelesez) Barchiesi, Alessandro. (1997). The Poet and the Prince. Ovid and Augustan Discourse,. , 4 or..
  10. (Gaztelaniaz) Johnston, Paulo Donoso. (2018). [file:///C:/Users/peamo/Downloads/Dialnet-ElExilioDePublioOvidioNasonUnaRevisionAlProblemaDe-6766842.pdf «The Poet and the Prince. Ovid and Augustan Discourse»] Revista Historias del Orbis Terrarum 20: 54..
  11. Ovidio. Tristia II. , 207 or..
  12. Guillen Bilbao, Unai. (2015). Ovidioren “Amores. Liber III” testuaren euskarazko itzulpena. , 3 or..
  13. (Ingelesez) Fitton Brown, A.D.. (1985). «The Unreality of Ovid’s Tomitan Exile» LCM 10: 18-22..
  14. (Nederlanderaz) Hartman, J. J.. (1923). «Uit de geschiedenis der Romeinsche litteratuur XIX» Nieuwe Rotterdamsche Courant Avondblad: 1..
  15. (Gaztelaniaz) Bérchez Castaño, Esteban. (2015). El destierro de Ovidio en Tomis: realidad y ficción.. , 116-154 or..

Kanpo estekak

aldatu