[go: nahoru, domu]

Sanctuaire de la Fontaine (Nîmes)

Sanctuaire de la Fontaine edo Iturriko santutegia Nîmeseko antzinako leku bat da, iturburuaren inguruko lehen jende-taldearen ezarpeneko gurtza lekua. Gaur egun, leku hori Jardins de la Fontaine edo Iturriko lorategien erdian dago.

Sanctuaire de la Fontaine (Nîmes)
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Okzitania
Departamendua Gard
BarrutiNîmeseko barrutia
Udalerrien arteko lankidetzarako erakunde publikoaCommunauté d’agglomération Nîmes Métropole
Frantziako udalerriNimes
Koordenatuak43°50′25″N 4°20′56″E / 43.84033°N 4.34897°E / 43.84033; 4.34897
Map

Iturria

aldatu

Gunearen jatorria iturri bat da, fluxu irregularreko agerpen karstiko iraunkorra, lurzoruko ur-infiltrazioek eta garrigako arrokek elikatua. Espeleologoek toki horretara daramaten lurpeko galerien sarea aztertu dute. Lekua Burdin Arotik egon da okupatua, hau da, gure aroaren aurreko VI. mendetik. Lehen biztanleria hori Cavalier mendiaren maldan eta iturri inguruan kokatu zen[1].

Hasierako Nemaussus lekuko jainkotasunaren gurtza[2], Augusta Nemausus koloniari izena eman ziona, inskripzio gallo-grekoengatik ezagutzen da; Nîmeseko Museoan[3] gordetako hamabost inskripzioetatik bat iturriaren putzutik dator eta XVIII. mendeko lanekin lotutako indusketetan aurkitu zuten[1].

Gerora Augusteum bihurtuko zen[1]. Gurtza inperialari eskainitako santutegi erromatar handia sortzeko arrazoia, neurri batean, leku enblematiko hori anbizio handiko programa batean txertatu nahi izatea izan zen. Programa horrek aurretik oso sustraitua zegoen gurtza indigena barnera zezakeen, hura errotik kendu gabe[1]. Santutegi mota hori nahiko ezohikoa zen, batez ere, imajina zitekeenaren aurka, Augustok ez zuelako agindu propaganda egiteko, baizik eta, seguruenik, bertako herrien ekimenez eraiki zuten, hiriari egindako mesedeengatik. Erlijioz betetako leku batean gurtza sortzea irismen sinboliko handiko ekintza da.

Gurtza inperiala eta erromanizazioa

aldatu

Gure aroa hasi baino lehentxeago, lehenik Augustoren gurtzari eskainitako aldarea eraiki zen; gero, pixkanaka, iturriaren inguruan ezartzen den kultu inperialari eskainitako santutegia eratu zen.

Augusteum honetan, ninfeo baten erdian eraikitako aldare horretaz gain, antzoki edo odeoi bat dago, eta ganga-formako eraikin bitxi bat, gaur egun Dianeren tenplua deitzen dena.

Hasieran, kultu inperialaren garapena ez da benetako kultu erlijiosoarena bezalakoa, enperadoreak heriotzarekin bakarrik jainkotzen baitira, eta ez kasu guztietan. Nolabait, enperadorea jainkoen eta gizakien artean kokatzen da. Baina, kultura inperialaren helburuak erlijiosoak baino politikoagoak dira. Gurtza hau Nîmes moduko koloniak erromanizatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Nahitaezkoa zen arren, kultu inperiala ere aukera bat zen koloniek Erromarekiko atxikimendua adieraz zezaten. Horrela, elkarrekikotasun-harremana lantzen zen, zenbat eta leialagoak izan Nîmes Erromarekiko, orduan eta sari handiagoa emango die Erromak, eta alderantziz. Sistema honek hiriaren erromanizazioari lagundu zion hein handi batean, eta gurtza inperiala funtsezko engranajea zen sistema horretan. Erromak konkistatutako hiri guztien gurtza inperialarekiko betebehar honek ahalbidetzen zuen, aldi berean, Inperioa bateratzea, eta herriak pentsaera komun batez blaitzea. Hala ere, gurtza horrek forma desberdinak hartu zituen garaien eta eskualdeen arabera. Hala, Gallia Narbonensisen eragina beste leku batzuetan baino askoz sakonagoa izan zen, laster konkistatu baitzuten eskualdea. Gainera, haren intentsitatea boterean zegoen enperadorearen araberakoa zen. Adibidez, Augustok oso harreman estua zuen Nîmesekin, oso maitea baitzen.

Tokiaren arabera, gurtza inperiala biziagoa edo apalagoa izan daiteke. Erromatar askeentzat aukera guztiak irekita zeuden gizarte batean, gurtza, teorikoki inposatua izan arren, kolonizatuek bultzatua ere egiten zen maiz. Eta, zerbait publikoa izan arren, batzuetan ekimen pribatuak ere izaten ziren.

Probintzia bakoitzerako, gurtza inperialak aldare ofizial bat zuen, hiriburuan ezarria, non goi-mailako apaiz batek sakrifizioak egiten baitzituen. Derrigortasun horrek ez zuen galarazten Nîmes moduko koloniek enperadoreari omenaldia egitea bere kabuz, Augusteumak frogatzen duenez. Bertan antolatzen ziren zeremoniak udal flamen batek eta sebirek (oso ezagunak ez ziren arren, haien funtzioak oso ospetsuak ziren) zuzentzen zituzten[4]. Nîmesen erabat harrigarria da gurtza inperialerako bi gurtza-leku egotea; adibide bakanetakoa da. Lehena Augusteum hau da eta bigarrena hiriaren bihotzean dago, foroan, gaur egun Masion Carrée deitzen den horretan.

Berraurkikuntza eta interpretazioa

aldatu

Inperio erromatarraren amaieratik, lekua bertan behera utzi zuten. Hala ere, XVIII. mendean iturriko ura funtsezkoa zen oraindik. Augusto enperadoreari eskainitako antzinako santutegia Nîmeseko merkataritza eta industriarako uraren hornidura hobetzeko indusketa lanetan aurkitu zuten 1730ean, eta erromatarren garaiko Nemaususeko aztarna hidraulikoen egoera egiaztatzen da[5]. Jacques Philippe Mareschali erregeak agindu zion asmo handiko antolamendu programa bat egiteko. Uraren hornidura hobetzeaz gain, aztarnak nabarmendu eta hiriaren garrantzia emango zion “lorategi-pasealekua” egingo zuten[2]. Gunea lorategi bihurtzeko birmoldatzean (1740 -1749) aztarna horiek, lehenik, termatzat hartu ziren, eta gero, uraren santutegi gisa. 1984an, Pierre Grosek hondakinak Augusteum batekin identifikatzea proposatu zuen. Azken hori hiri zaharraren erdian zegoen, iturriaren eta foroaren artean.

Deskribapena

aldatu

Augusteoaren arkitektura-gunean periboloa zegoen, hiriko gainerako eremuetatik U formako hiru sekzioko arkupeak mugatutako esparru sakratua, gurtza inperialaren aldarearen inguruan zentratua. Arkupearen hegoaldeko estilobatoen[6] eta kolomen oinarrien aztarnak besterik ez dira geratzen. Iparralderantz, Cavalier mendirantz, batek Dianaren tenplura ematen zuen, besteak, gurtza-eremuaren ipar-ekialdean zegoen antzokira.

Tour Magnek menderatzen zuen santutegia, dorre horrek lekua seinalatzeko funtzioa ere bazuen.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d (Frantsesez) Augusteum. (1999). «Congrès archéologique de France : séances générales tenues ... par la Société française pour la conservation des monuments historiques» Gallica: 517-520. (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  2. a b «Ville de Nîmes - La Source et l'Augusteum» www.nimes.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  3. (Frantsesez) «Musée de la Romanité» Office de Tourisme et des Congrès de Nîmes (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  4. (Frantsesez) Ménard, Léon (1755). Histoire civile, ecclésiastique et littéraire de la ville de Nismes avec les preuves. Tome 1. , 37 or. (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  5. Veyrac, Alain; Pene, Jean-Michel. (1994). «L'Augusteum de la fontaine de Nîmes : étude archéologique du bassin de la source et de la canalisation souterraine ouest» Revue archéologique de Narbonnaise 27 (1): 121–163.  doi:10.3406/ran.1994.1449. (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  6. «Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).

Kanpo estekak

aldatu