Serotonina
Serotonina nerbio-sistema zentralaren neuronek (burmuinenak, batez ere) sortzen duten neurotransmisorea da, heste lodiko hainbat zelulak ere kopuru handitan sortzen dutena. Egitura kimikoari dagokionez aminen taldean sailkatzen da, bere molekulak amino talde bat (-NH2) duelako. Neurotransmisore guztien antzera, neuronen arteko edo neurona bat eta beste zelula baten arteko mezu elektrikoak transmititzen ditu (zelulen arteko konexio edo sinapsiak erraztuz).
Serotoninak eragin handia du nerbio-sisteman, gizakiaren gogo-aldarteak baldintzatuz. Lasaigarria da eta baita antidepresiboa ere. Loa eragin eta jangura eta sexu-gogoa apaltzen ditu.
Serotoninaren kopurua ilunabarrean handitzen da, loa eraginez, eta egunsentian hasten da jaisten.
Triptofano aminoazidoa da serotoninaren molekula aitzindaria. Era berean, guruin pinealean serotonina melatonina bihurtzen da.
Serotoninaren maila baxuak zenbait patologiarekin lotu dira: depresioa, antsietatea, portaera erasokorra, loezina edo insomnioa, eskizofrenia, fibromialgia eta baita migrainekin ere, odol-hodiak zabaltzen baitira serotonina jaisten denean.
Serotonina eta depresioa
aldatuDepresioak jota daudenek serotonina gutxi dute nerbio-sistema zentralean. Depresioen aurkako botika asko (fluoxetina -Prozac ospetsuaren oinarria-, paroxetina, dapoxetina...) serotoninaren bir-hartzearen inhibitzaileak dira, hots, ez diote uzten neuronen arteko sinapsietan askatzen den serotoninari hartzaile espezifikoei lotzen; modu horretan serotonina-kopurua igotzen da neuronen arteko tartean, eta horrek depresioaren sintomak ekiditen ditu.
Bestalde, droga batzuek (LSDk, estasiak...) serotoninaren askapena indartzen dute neuronetan, garunera iristerakoan euforia eta plazera eragiten duena.