Uraren zikloa
Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak iragaten dituen faseen segida da: lurretik, itsasotik edo lehorreko ur-bilduetatik lurruntzea, hodei izatera kondentsatzea, prezipitazioa, lurzoruan edo ur-bilduetan pilatzea, eta berriro lurruntzea.[1]
Ur-masaren parterik gehiena egoera likidoan egon ohi da. Batez ere itsaso eta ozeanoetan aurki dezakegu egoera honetan, baina baita lur-azpiko ur eta lur-azaleko uretan (ibaiak eta lakuak) ere. Egoera solidoan dagoen ura ere oso esangarria da, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza, hain zuzen ere. Frakzio txikiena atmosferan agertzen da, egoera likidoan lainoetan moduan, edo gas egoeran ur-lurrin moduan. Atmosferako ur hau, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdineko uren trukea gertatu dadin, gordailu nagusietatik urruti dauden eskualde kontinentaletara ura iritsi dadin ahalbidetzen baitu.
Gure planetaren lurrazalaren hiru laurdenak urez estalirik daude. Ura, ezagutzen dugun konposaturik ugarienetariko bat da eta hiru egoeratan aurki dezakegu Lurrean: solido egoeran (elurra edo izotza), likido egoeran eta gas egoeran (ur-lurrina). Itsaso, ibai, hodei eta euria etengabe aldatzen dira, lurrazaleko ura lurrundu, prezipitazio moduan berriz ere lurrera erori, lurrean iragazi eta abar. Hidrosferako gune ezberdinetako uraren zirkulazio eta kontserbazioari uraren ziklo edo ziklo hidrologiko izena ematen zaio. Erreakzio kimiko gutxi gertatzen diren ziklo biogeokimiko bat da, non ura leku batetik bestera igarotzen den eta egoera fisikoa aldatzen duen.
Prezipitazioak
aldatuUraren zikloa itsasoan hasten da. Eguzkiaren intsolazioaren eraginez, ozeanoen gainazaleko ura lurrundu egiten da. Atmosferak ura kondentsazio bidez (euria eta ihintza) edo alderantzizko sublimazio bidez (elurra eta izotz zuria) gal dezake. Ur-lurrinak gora egin ahala hoztu egiten da eta kondentsazio bidez lurruna ur likido bihurtzen da. Tantak elkartzean lainoak eratzen dira eta ur-partikulek pisu nahikoa hartu dutenean, erori egiten dira, prezipitazio bidez. Euria, elurra eta txingorraren kasuan grabitatea da erorketa behartzen duena. Ihintza eta izotz zuriaren kasuan, egoera aldaketa estaltzen duten azaleraren gainean gertatzen da zuzenean.
Filtrazioa
aldatuLurrera erortzen den uraren zati bat izaki bizidunek erabiliko dute. Lurrera erortzen den ura lurraren gainetik higituko da ibai, laku edo itsasora iritsi arte. Errekara bildu aurretik lur-azalaren gainean bide nabaririk gabe mugitzen diren ur hauei isurketa-ur izena ematen zaie. Klima oso lehorrak ez diren inguruetan isurketa-urak dira higaduraren eta garraioaren erantzule nagusiak.
Beste zati bat lurrean barna iragaziko da eta lurpeko urak eratuko ditu. Lurzoruan edo elur-geruza batean gertatze den uraren goitik beherako mugimendu honek perkolazio izena hartzen du. Gainazalean mugitzen den eta infiltratzen den uraren proportzioa substratuaren iragazkortasuna, maldak eta landarediak baldintzatua izango da.
Lurpeko zirkulazioa
aldatuLur-azaleko isurketa-urak moduan, grabitatearen alde gertatzen da. Bi eratako mugimendua gertatzen da. Arroka karstifikatuetan, kareharriak batez ere, zirkulazioa bertikalki gertatzen da. Bestea akuiferoetan gertatzen dena da. Ur interstiziala arroka iragazkorren poroetan sartzen da eta presioa eta kapilaritatearen eraginez grabitatearen kontra egin dezake.
Lurrunketa
aldatuLehenago edo geroago, lur-azalera eroritako ura ur lurrun bilakatu eta atmosferara itzuliko da. Ur-lurruna lurrazaletik edo itsasoen gainazaletik lurrunketa bidez sor daiteke, glaziarretatik sublimazio bidez edo izaki bizidunengandik ebapotranspirazio bidez.
Lurruntzean, urak disolbaturik dituen edukiak atzean lagatzen ditu, gatz mineralak edota konposatu kutsakorrak, esate baterako. Ondorioz, atmosferatik erortzen den ura egoera ia puruan erortzen da. Ur-prezipitazioa ez da guztiz garbia atmosferako ura bestelako gasekin elkartu eta euri azidoa moduko fenomenoak sorraraz baititzake.
Ura purifikatzen duen ziklo honen barneko beste prozesu bat landareek burutzen duten transpirazioa da. Landareen sustraiek lurzoruko ura xurgatu eta hostoetara garraiatzen dute barnean disolbaturik dituen nutrienteak erabiliz. Ur hau fotosintesian erabil daiteke baina nutrienteak kendu zaizkion soberakoa lurrundu egiten da. Atmosferara igarotzen den lurrinaren %10 era honetan gertatzen da.
Era honetan zikloa itxi egiten da. Ura etengabe mugitzen da, egoeraz aldatzen du eta berriz aurreko egoerara itzultzen da. Dinamismoa etengabea da eta egun Lurrean ezagutzen denn bizitza, zati handi batean, ziklo honi zor zaio.
Hidrosferako urak mantuaren desgasifikazioan du jatorria. Sortu zenean, duela 4.650 milioi urte, gutxi gorabehera, ur lurruna bazegoen Lurrean jada. Hasiera batean etengabeko fusioan zegoen gorputz handia zen, lurrazalean ehunka sumendi aktibo zituena. Ur lurruna duen gasez kargaturiko magma lur-azaleratu egin zen sumendien erupzioen bitartez. Lurra hoztu zenean, ur lurruna kondentsatu eta lurrazalera erori zen euri moduan eta egun ezagutzen direnn ozeanoak sortu. Uraren zati bat mantura itzul daiteke litosferaren subdukzio-prozesuetan sedimentu ozeanikoekin batera.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).