[go: nahoru, domu]

Hector Berlioz (1803ko abenduaren 11 - 1869ko martxoaren 8a) musikari frantsesa zen, erromantizismoaren ikurretako bat alegia. Bere lanik ezagunena Sinfonia fantastikoa da (1830. urtean estreinatua).

Hector Berlioz.

Biografia

Hector La Côte-Saint-Andrén jaio zen, Lyon eta Grenoble artean. Bere aita mediku ateoa zen eta bere semea medikua izatea gura zuen. Horregatik, Hector Parisera bidali zuen medikuntza ikas zezan. Disekzio prozesuek Hector izutzen zuten eta hori dela eta, medikuntza ikasketak alde batera utzi zituen, bere aitaren borondatearen aurka, eta horren ordez musika ikasi zuen. Parisko kontserbatorioan konposizioa eta opera ikasi zituen.

Mugimendu erromantikoa

Hector mugimendu erromantiko frantsesarekin bat egin zuen azkar. Bere lagunen artean, Alexandre Dumas, Victor Hugo eta Honoré de Balzac idazleak zeuden.

23 urterekin Henrietta Constance Smithson aktore irlandarraz maitemindu zen, baina Smithsonek ezezkoa eman zion honek bidaltzen zizkion gutunak oso kartsuak iruditzen baitzitzaizkion. Horrez gain, Smithsonek inspiratu zuen Sinfonia fantastikoa idazterakoan. Lana 1830ean estreinatu zuten Parisen, baina Smithson ez zen estreinaldira joan. Halaber, urte berean, Berliozek Erromako Saria irabazi zuen, musikaren diru-laguntzarik garrantzitsuena hain zuzen.

Parisera itzulera eta lehendabiziko ezkontza

Erroman italiar opera ikasten 2 urte igaro eta gero, Parisera itzuli zen. Berliozek Smithsonek sinfonia fantastikoaren kontzertu batera joan zelaren berri izan zuen. Orduan, Smithson konturatu zen lana Berliozek berari idatzitako maitasun gutunen alegoria zela. Azkenean, biak ezkondu ziren baina urte batzuk geroago banandu ziren.

Hector Berlioz Parisen hil zen 1869ko martxoaren 8an. Montmartreko hilerrian ehortzita dago bere bi emazteen ondoan, Harriet Smithson (h. 1854) eta Marie Recio (h. 1862).

Eragin musikalak

Literaturak eragin handia izan zuen Berliozen lanetan. Bere sinfonia fantastikoa egiteko Thomas de Quinceyren Confessions of an English Opium-Eater idazlanean oinarritu zen. Faustoren madarikazioa konposatzeko Gerard de Nervalek egindako Goetheren "Fausto" lanean oinarritu zen.

Horrez gain, Beethovenek eragin handia izan zuen Berliozen lanetan eta bere estiloa, garai horietan Frantzian ezezaguna zena. Gainera, Gluck, Mozart, Etienne Mehul, Carl Maria von Weber eta Gaspare Spontiniren lanei begirunea zion.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hector Berlioz