[go: nahoru, domu]

Hinduismo

Indiako erlijio nagusia

Hinduismoa erlijio ohitura bat da, munduko zaharrenetarikoa da, India azpi-kontinentean sortu zena. Sinesleen artean, Sanātana Dharma (sanskritoz सनातन धर्म) izena hartzen du, hau da, "Betiereko bidea" edo "Betiereko legea".

Fededunen kopuruaren arabera hirugarrena da, 1.000 milioi jarraitzaile baititu, kristautasuna (2.000 miloi inguru) eta islamaren atzetik (1.000 miloi baino gehiago). Fededun gehienak Indian bizi dira (900 miloi inguru), baina beste herrialdeetan ere badira hinduistak, hala nola, Bangladesh, Sri Lanka, Pakistan, Indonesia, Malaysia, Singapur, Maurizio, Fiji, Surinam, Guyana, Trinidad eta Tobago, Erresuma Batua eta Kanadan.

Beste erlijio nagusiekin alderatuz, hinduismoak ez du sortzaile bakar ezagunik, ezta hierarkia klerikalik ere. Mendeetan zehar idatzi zuten erlijiozko liburu ugaritik hartzen dituzte hinduistek beraien espiritualezko gida eta erlijiozko ohiturak, garrantzitsuenak antzinako Vedak izanik.

Jatorria

Hinduismoa, ez du jainkoaren inspirazioak bultzatutako pertsonaia historiko konkretu batek sortu. Herri gurtzeak eta sinesmenak izan zituen sorburu eta horietako askok testu hinduetan dute jatorria, hau da, Vedetan. Kultura desberdin hauek elkartu eta eboluzioaren ondorioz Hinduismoa sortu zen.

K. a. 3000 eta 1500 bitartean, Ganges ibaiaren ertzean bizi ziren herriek emankortasunaren zenbait sinbolo gurtzen zituzten: jainkosa ama, zezena eta zuhaitz sakratuak. Ondoren, iparraldetik heldu ziren herriek sinesmen horiek zabaldu, kontrolatu eta azaldu ezin zitezkeen indar naturalak ere barneratu zituzten. Orduz geroztik, sua, euria, ilargia eta eguzkia jainkotu zituzten besteak beste.

Erlijio honen jarraitzaileek inguruan duten guztia gurtzen dute: ibaiak, zuhaitzak, mendiak, animaliak... beraz, jainkoen irudi asko sortzen dituzte. Hauek arima unibertsalaren aurpegiak dira.

Erlijio desberdinez osatuta dagoenez, garatzen joan dela esan genezake. Gaur egun, ezagutzen dugun hinduismoa, sinesmen brahmatiko, dravidiko eta budistez osatu zen, K. a. III. mendean.

Hinduismoak, sinesmen asko ditu, baina ikus daiteken unibertsoaren atzean, non sortze zikloak eta suntsitze zikloak dauden, beste existentzia bat dagoela (betikoa eta aldaezina) sinesten dute batez ere.

Vedak

Erlijioaren ideiak eta oinarriak "Veda" liburuetan biltzen dira. Hauek Katolikoen Biblia deritzogunaren funtzio bera betetzen dutelarik.

Vedak, Hinduismoaren sortzaileak, lau liburu dira:

  • Rig Veda zaharrena da, hizkuntza zaharrean dago idatzita eta K. a. 700. Urtean idatzi zen.
  • Yahur Veda sakrifizioen liburua da
  • Samo Veda himnoak daude bertan
  • Aharva Veda erritualen liburua da

Liburu hauek K. a. 1400 ingurukoak dira. Berauetan, jainkoek beraien hautatuei kontaturiko sekretuak gordetzen dira. Hauek, himnoz eta kantuz osatzen dira.

Liburu hauetaz gain, geroago beste bi idazlan erantsi ziren: Mahabarata eta Ramayana.

  • Mahabarata: hinduismoaren oinarrizko testu bat da. 200.000 bertsoz osatuta dago eta azken olerkian, Krishna jainkoak bidezko jokaera zein den irakasten du.
  • Ramayana: 40.000 bertsoz osatuta dago, eta Rama da testuko heroia.

Jainkoak

 
Ganesh edo Ganesha jainkoa.

Hinduismoaren ezaugarrietako bat bere jainkoen ugaritasuna da. 33.000 jainko dituela esaten da, guztiak jainkosa eta jainko batez osatuta daude, hau da, binaka azaltzen dira, zeren eta hinduismoaren arabera, jainkotasuna guztiz ona izateko, alde femeninoa eta alderdi maskulinoa izan beharra dago.

Hauexek dira jainkoetako batzuk:

  • Adity: azpijainkoak.
  • Agni: suaren erdi jainkoa.
  • Absarak: gortekoak eta zeruko dantzariak.
  • Aruna: eguzkiaren jarraitzailea, egunsentiaren sortzailea.
  • Asurak: azpideabruak.
  • Aswini-kumaras: bi anaia biki jainkoen medikuak.
  • Balaram: Krishnaren anaia.
  • Brahma: unibertso materialaren sortzailea.
  • Buda: Atea jainkoaren berraragiztatzea.
  • Chandra: ilargiaren jainkoa. Soma bezala ezagutzen da.
  • Dhanu- Antari: jainkoen medikuen berraragiztatzea (munduko lehen medikuak).
  • Durgá: Kali edo Maya jainkoen berraragiztatzea (Devi edo Sakti izenez ere ezagutzen da).
  • Dyau-Pita: jainkoen “aita”.
  • Ganharvas: zeruaren abeslariak.
  • Ganesh: elefante burua duen erdi jainkoa, Shivaren semea.
  • Ganga: Ganges ibaiaren arduraduna (femeninoa)
  • Hayagriva: Vishnuren berraragiztatzea, baina zaldi buruarekin.
  • Indra: eguzkiaren eta gauaren jainkoa. Gerraren adierazlea ere bada.
  • Kali: jainko beltza, odol egarria duena.
  • Kalki: hemendik 427.000 urterako berraragiztatzeko programatua.
  • Krishna: Vishnuren zortzigarren berraragiztatzea. Errege izan zen.
  • Kurma: Vishuniren dortoka berraragiztatzea.
  • Lakshmi: Edertasunaren, osasunaren eta aberastasunaren jainkosa da.
  • Mitra: hesteen jainkoa.
  • Narasimha edo Nrisimha: Vishnuren erdi gizon erdi lehoiaren berraragiztatzea.
  • Parashuram: Vishnuren berraragiztatze mendekatzailea, aizkoraz armatua.
  • Parjanya: euriaren jainkoa (batzuetan Idra bezala ezagutua.
  • Prithivi mata: Lur planeta (matak "ama" esan nahi du.
  • Rama:Zuhaitzaren jainkoa
  • Rudra: Shivaren beste izen bat.
  • Sarasvati: jakituriaren, artearen eta egiaren jainkosa.
  • Shiva: suntsitzailearen jainkoa (Bahma eta Vishnurekin hirutasuna sortu zuen).
  • Soma: Ilargirean jainkoa eta landare haluzinogenoena.
  • Surya: Eguzkiaren jainkoa.
  • Usha: Shivaren emaztea (Kaliren alderdi bat duena).
  • Vamana: Vishnuren berraragiztatze txikia (Hiranyakasipu deabruari iruzur egiteko).
  • Vasus: Edalontziaren jainkoa

Jainko garrantzitsuenak

Gurtza

Hinduisten ustez jainko bat estatua batean sar daiteke , bere gurtza baimentzeko (bainuak, janari eskaintzak, ...) Gauza batzuk denek errespetatzen dituzte, adibidez apaizak eta behiak gurtzea, behi okela ez jatea eta maila bereko pertsona batekin bakarrik ezkontzea. Hauetaz kanpo ez dago beste “lege”-rik otoitzak eta errituak noiz egin behar diren esaten duenik eta ez dago hierarkia eklesiastiko bat.

Ohiturak

  • Egunero hiru aldiz otoitz egiten dute, horretaz gain. espiritualistak direnez egunak ematen dituzte meditatzen.
  • Tenplutan egunero apaizek eskaintza errituak egiten dituzte (ura, sua, argia eta intsektuak). Hala ere, askotan batzuek beraien etxeetan edukitzen dute tenplua.
  • Animaliak gizaki sakratutzat hartzen dituzte, gehienbat behiak. Horrexegatik, hindu gehienak barazkijaleak dira.
  • Emakumeak haurdun daudenean zeremonia erlijiosoak egiten dituzte eta bedeinkatu egiten dute umea mutila izan dadin.
  • Umea jaiotzean eta janari solidoa jaten hasten denean ere errituak egiten dira, baita lehenengo ile mozketan, lehenengo hilekoan eta ezkontzetan ere.

Erromesaldiak eta festak

 
Diwali, argien jaialdia, hinduismoaren jaialdi nagusia da.

Urte hindu guztia festen eta erromesaldien inguruan antolatzen da. festarik ospetsuenetarikoa Divalirena da. festa honetan Rama bere erreinura itzuli dela ospatzen dute. Argiaren festa esaten zaio eta etxeak olio lanparaz apaintzen dituzte. Hau Urteberri egunean ospatzen dute. Badira beste zenbait festa ere, Indiaren hegoaldean adibidez Shivaren ezteiak ospatzen dituzte.

Ezkontza

Veda liburuetan azaltzen den bezala egiten dituzte zeremoniak, apaiza batek aurrera eramanda. Ezkontza berez erritu oso luze bat da (egun oso bat iraun dezake), baina moldatua izan da eta orain, ordu eta erdi irauten du. Erritua, sinboloz beteta dago bikoteari ezkontza bizitzarako esperientzia eta lezioak emateko. Mantrak ere kantatzen dira ezkontzaren bedeinkazioa inbokatzeko. Ezkontza hindua oso aberats eta konplexua da baina ez da zertan tenplu batean egin behar. Andregaia gorriz janzten da, urre koloredun bordatuekin eta bitxiekin apaindua. Berak itxoiten dio senargaiari eta hau iristean lore koroak trukatzen dituzte. Bedeinkazio batzuk esan eta kuttunak trukatzen dituzte esku muturrean lotzen dituztenak. Berauen familien leinuari buruz hitz egiten da eta ondoren andregaiaren aitak alaba eskaintzen du. Senargaiak neskaren lepoan koilare bat jarriz ematen du baiezkoa, honek zoriontasuna eta fideltasuna adierazten du. Kantak, mantrak eta eskaintzak egiten dira su erritualaren aurrean. Ondoren, lazo batekin lotuta, zazpi bira ematen dituzte suaren inguruan. Oztopoak bien artean gaindituko dituztelaren zina da hau.

Gero senargaiak andregaiaren ilea hauts gorri batez koloreztatzen du emakume ezkondua dela adierazteko. Apaizak bedeinkapena eman ondoren, bikoteari arroza botatzen diote. Garai bateko ezkontza hitzartua zen, gaur egun ordea, ezkontza aurreko erlazioak, maitasunezkoak, homosexualena eta bisexualena onartuta dago. Dotrina hinduistan ezkontzatik kanpoko sexua debekatuta dago Moksha-ra iritsi nahi bada. Kasta berdinekoekin ezkontzen dira eta haien mahia umea mutila izatea da. Hauek beste kultura bateko pertsonekin ezkondu daitezke.

Ganges ibaia

Ganges ibaia jainkosa baten itxurarekin irudikatuta dago hau da, Maa Ganga (Ganga ama) Ibaian sartzen diren bakoitzean bekatu bat garbitzen dutela pentsatzen dute beraz, egindako bekatuak ibaiko urez garbitzen dituzte eta bertan botatzen dituzte hildakoen errautsak, berraragiztatze zikloa saihesteko.

Hinduistak askotan joaten dira erromesaldian Ganges ibaira bainatzeko eta meditatzeko.

Otoitza

 
Om,
hinduismoaren erlijiozko ikurrik garrantzitsuena eta Espiritu Kosmikoaren irudikapena.

Om (ॐ) hinduismoaren erlijiozko ikurrik garrantzitsuena eta “Espiritu Kosmikoaren” irudikapena da. Hinduistentzat OM hitza sakratua da. Mantretan eta otoitz guztietan erabiltzen bai dute aurrizki eta atzizki bezala.

Mezu sinboliko sakona da: unibertsoaren jainkoaren jatorrizko dardaratzat hartzen dute, existentzia osoa irudikatzen duena, natura osoa “Azkeneko Egia” batean inguratuz.

Heriotza

Hildakoa lorez, lurrinez eta egurrez estaltzen dute eta ondoren sua ematen die. Errituak hamar egun ere iraun ditzake, hau, hildakoaren aberastasunaren araberakoa da. Heriotzaren ondoren beste bizitza bat dagoela pentsatzen dute eta beraien ustez, pertsonak bizitzan zehar izango duten zoriontasuna eta zorigaitza aurreko bizitzetan izandako jokaera egokiaren edo okerraren ondorioa da.

Beraz, gure oraingo bizitzan egiten ditugun gauzak ondorengo bizitzaren nolakotasuna baldintzatzen dute. Gure bizitzan egindako merituen arabera animalia edo gizaki bezala jaioko gara hurrengo bizitzan. Hil ondoren berriz jaioko garela diote, perfekzio gorena lortzen dugun arte. Hinduismoak pertsonek perfekzio hori lor dezaten, yoga izeneko jarduerak sortu zituen eta hauek gorputza eta espiritua lantzeko aukera ematen dute.

Yoga motak:

  • Bakti yoga: Pertsona batek jainko baten maitasuna lortzeari eskaintzen dio denbora.
  • Karmaren yoga: Pertsona batek bere karma negatiboa konpentsatzeko ekintza onak egiten ditu.
  • Jnanaren yoga: Honen jarraitzaileek zentzumenaren boterea erabiltzen dute Hindu idatzien egia aurkitzeko.
  • Rajaren yoga: ekintzak, jakinduria eta eskaintza konbinatzen ditu.

Gizartea

 
Brahma mutikoa otoitzean.

Hinduismoak, gizartea talde desberdinetan banatzen du:

  • Brahmanak: Botere erlijioso gehien duten hinduak dira, pribilegio eta betebehar handiak dituztenak.
  • Noble eta gerlariak: gerlari, noblez, aberatsez... osatua.
  • Dendariak eta merkatariak: Noblez eta borondatedunez osatuak.
  • Sudrak: Talde hau zabalena da, guztira 3.000 pertsonez osatuta dagoena, hauek lan gogorrenak egiten dituzte.
  • Pariak: Beste taldetatik kanpo daudenak (baztertuak)

Sexualitatea

Tenpluetan sexualitatea modu irekian erakusten da eta baita imajinazio sexuala ere.Baina, sexuaren autokontrola oinarrizkoa dela pentsatzen dute ongizaterako eta karmaren eginkizunerako. Lege hinduek, hinduista tradizionalak, heterosexualez kanpo dauden harreman sexualak debekatzen ditu. Gaur egun hori pribatua kontsideratzen da, ondorioz,hinduista gehienek ez dute libreki adierazten sentitzen dutena atxikipen publikoa gaizki ikusia baitago.

Vatsayanaren Kama Sutra, sexu-jarreren gidaliburutzat hartzen da, baina, ohitura sexualei buruzko beste ikuspegi bat, sexu morala eta idatzi zen garaiko arau sozialak eskaintzen ditu.

Kanpo estekak