[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Datu-base erlazional

Wikipedia, Entziklopedia askea

Datu base erlazional deritzogu planifikatutako datu baseak ezartzeko erabiltzen den datu-baseari, eredu erlazionala jarraitzen duena, gaur egun eredurik erabiliena izanik. Datuen arteko konexioak egiteko aukera ematen dute, hauek tauletan gordeta daudelarik eta honela, bi taulen datuak erlazionatzen dira, datu-baseari izena emanez: “eredu erlazionala”. Ideia nagusiak 1970 urtean argitaratu zituen San Joseko (Kalifornia) IBM laborategian lana egiten zuen Edgar Frank Coddek eta denbora gutxiren buruan datu-baseen ereduen paradigma bihurtu zen.

Datu base erlazionala eratzeko, kategoriak jarri eta horien arteko harremanak zehaztu behar dira, OR eta AND eragiketen bitartez. Hortik aurrera datuen arteko erlazioak zehaztuko dira, multzo teoriako propietateen arabera. Gakoak erlazio horiek emango dituzte: erregistro bat barruan edo kanpona dagoen, edota beste baten aurkakoa den. Kanpo gakoak kanpoko elementuekiko harremanak emango dituzte.

  • Datu-base erlazional bat hainbat taula edo erlazioz osatzen da.
  • Ezinezkoa da izen bereko bi taula edo entitate egotea.
  • Taula bakoitza erregistro multzo bat da. Taularen errenkadak erregistroak dira eta zutabeak atributu edo eremuak.
  • Taulen arteko erlazioak gauzatzeko gakoak eta kanpo gakoak erabiltzen dira.
  • Gakoak entitate baten kode nagusia dira eta datuen integritatea izeneko araua bete behar dute.
  • Kanpo gakoak datuak jasotzen dituen taulan kokatzen dira eta taula nagusiko gakoaren balio bera hartzen dute. Kanpo gako hauen bidez egiten dira lotura edo erlazioak.

Elementu nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko erlazioak eta deribatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu-base erlazional batean datu guztiak gorde egiten dira eta hauetara heltzen da erlazioen bidez. Datuak gordetzen dituzten erlazioak “oinarrizko erlazio” deitzen dira eta euren ezarpenari “taula” deritzogu. Beste erlazio batzuek ez dituzte datuak gordetzen, nahiz eta kalkuluak egin eragiteko erlazionalak egiterakoan. Hauei “erlazio deribatu” deitzen zaie eta “bista” edo “kontsultak” egiteko erabiltzen dira. Erlazio deribatuek erlazio ezberdinen arteko informazioa erakusten digute, bakarra izango balitz bezala.

Mugek datu-baseetan hainbat baldintza betetzera behartzen dute. Muga batzuk erabiltzaileengandik kanpo geratzen dira eta datu-basea erlazionala izateagatik berezkoak dira. Beste batzuk berriz, erabiltzaileak zehaztu ditzake, esaterako, eremu batean 1 eta 10 bitarteko zenbaki oso bat jarri behar izatea.

Mugatzea datu-basean erregelak ezartzeko metodo bat da, tauletan gorde daitezkeen datuak mugatzen direlako. Ezarritako datuak ez badago mugen barnean datua ez da baliozkoa izango.

Azkenik, esan behar da mugak ez direla eredu erlazionalaren parte, berez. Hala ere, sartu egiten dira datuak antolatzen laguntzen dutelako. Mugek eztabaida ugari sortu izan dituzte datu-base erlazionalak erabiltzen direnetik.

Arloak atributu baten balio posibleen multzoa dira. Hau dela eta, atributuen balio posibleak gutxitzen dituztenez, muga bezala ikus daitezke. Matematikoki atributu bati arlo bat ezartzeak esan nahi du "atributu honen balio guztiak definitutako arlo horren elementu izan behar dira".

Arlo mota ezberdinak dira: zenbaki osoak, testuak, datak eta abar.

Taula bakoitzak eremu bat edo gehiago izango ditu taula horretako erregistro bakoitza identifikatzeko. Ez da posible izango eremu hauetan balio berdina duten bi erregistro egotea. Eremu multzo hauei gako bakarra esaten zaie.

Gakoak taularen gainerako atributu guztiak definitzen ditu, beste taulekin erlazionatuko diren datuak zehaztuz. Horretarako, kanpo gakoa erabiliko dugu, jarraian azalduko duguna.

Gainera, aipagarria da taula bakoitzean gako bakarra egon daitekeela eta honek ezin duela NULL (0) balioa izan.

Kanpo gakoa taula bateko gakoaren erreferentzia da beste taula batean, bi taulen arteko erlazioa zehazten duena. Kanpo gako hauek ez dute zertan gako bakarra izan kokatzen diren taulan, baina, bai erreferentzia bezala dauden taulan.

Datu baseak bi sekzio nagusi ditu: datuak eta eskema

Datuak momentu jakin batean datu-baseak duen edukia dira, hau da, erregistro guztien edukia.

Eskema datu-basearen egituraren definizioa da eta honako datuak erakusten ditu:

  • Taula bakoitzaren izena
  • Zutabe bakoitzaren izena
  • Zutabe bakoitzaren arloa
  • Zutabe bakoitzaren jatorrizko taula

Datu-base erlazionalak normalizazio izeneko prozesu bat jasaten dute. Prozesu honen emaitzak ahalbidetzen du eskema modu egokian erabili ahal izatea.

Jarraian azalduko dugu normalizazio prozesua nola gauzatzen den:

Normalizazio prozesuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalizazio prozesuak zenbait urrats edo arau betetzen ditu, eta, prozesu hori egin ondoren, datuak entitate edo tauletan biltzea lortzen da, horiek kudeatzeko eta mantentzeko modurik egokienean.

Normalizazioak printzipio hau du oinarri: "datuak horiek kudeatzen dituzten aplikazioetatik independenteak dira". Honek esan nahi du normalizazioaren bidez ahalik eta entitate edo taula gehien lortuko ditugula, eta horietako bakoitzak errealitate bakoitza adierazteko behar diren atributuak izango dituela. Jarraian, normalizazioaren 3 forma normalak azalduko ditugu:

Lehenengo forma normala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzionamendu egokiko araua da entitate berean esanahi bereko atributu-multzo bat baino gehiago ez izatea. Beraz, lehen forma normala beteko duen entitate-erlazio eredua lortu nahi badugu, entitateetako atributuek esanahi ezberdinak izan behar dituzte. Entitate batek ez badu arau hau betetzen ezabatu egin beharko da errepikatuko den datu-multzoa, eta beste entitate bat sortu beharko da datuokin.

Bigarren forma normala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitetan, entitateen gakoak konposatuak izaten dira; hau da, atributu bat baino gehiagoz osatutakoak. Hori horrela izanez gero, entitateko atributu guztiek gako guztiaren mendean izan behar dute, eta ez gako horren atributu baten mende soilik. Gako konposatua duen entitate bateko atributu bat gakoaren atributu baten mende soilik badago, entitatetik kendu eta beste entitate egokiago batean gorde beharko dugu.

Hirugarren forma normala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entitateetako atributuek gakoaren mende egon behar dute, eta ezin dute, gakoaz gain, gakoa ez den beste atributuren baten mende egon. Hau da, entitateetako atributuak gakoaren mende egon daitezke soilik, eta ez entitateko beste atributu batzuen mende. Beste atributu batzuen mende egongo balira, entitatetik kendu eta beste entitate bat sortu beharko litzateke atributuokin.

Datu-base erlazionalen diseinua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu-base bat sortu ahal izateko, bi diseinu-lan egin behar dira: lehenik, datu-basearen diseinu kontzeptuala edo logikoa egin, eta, bigarrenik, datu-basearen diseinu fisikoa egin (datu-baseetan espezializatutako teknikariek egin beharrekoa). Datu-basearen diseinu kontzeptuala negozio-ikuspegitik egin beharko da, datu-base horren azken erabiltzaile izango direnen informazio-beharrak aintzat hartuz. Diseinu-lan honen helburua erabiltzaileen informazio-beharrak modu efizientean asetzea izango da.

Hurrengo lerroetan diseinu kontzeptuala azalduko dugu, esan dugun moduan, hau izango delako erabiltzaileen beharrak asetzeko punturik garrantzitsuena. Diseinu hau entitate-erlazio diagrama edo ereduen bidez egingo da, datu-base erlazionalen oinarrizko dokumentazio-tresna izango delarik. Entitate-erlazio eredua datu-base erlazionalen egitura logikoa adierazteko modua da, hain zuzen ere, ezarritako informazio beharrak asetzeko beharrezkoa izango dena.

Honetaz gain, entitate-erlazio diagrama informazio-helburuen jarraipena egiteko tresna ere bada, erabilgarri izango baitugu, datu-basea egin ondoren, honen inguruko kontsultak edo txostenak egiteko, eta, hauen bidez, erabiltzaileen informazio-beharrei erantzuteko edo garatutako datu-basearen egituran aldaketak inplementatzeko.

Datu-base erlazionalen kudeatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badago soilik datu-base erlazionaletaz arduratzen de sofwarerik. Honen izena RDMS da (ingelesezko Relational Database Management Systemetik).

Bestalde, kudeatzaile erabilienen artean honakoak agertzen zaizkugu: MySQL, PostgreSQL, Oracle, DB2,INFORMIX, Interbase, FireBird, Sybase eta Microsoft SQL Server.


* Deustuko Unibertsitateko “Informazio-sistemak”-eko txostenak lagundua artikulua osatzeko

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]