Errege-opil
Errege-opil | |
---|---|
gozogintza eta ogi gozo | |
Historia | |
Jatorria | Espainia |
Errege-opila tradizio kristauko herrialde zenbaitetan urtarrilaren 6an Epifania edo Errege Eguna ospatzeko prestatu eta jaten den opil gozoa da, eraztun edo koroa itxurakoa, brioxa-oreaz egina, fruitu melatuekin apaindua eta batzuetan esne-gain, krema edo trufaz barrubetea.
Ohikoa da barruan sartzea kutun moduko objektu txiki bat (zeramikazko edo plastikozko panpinak) eta baba bat, normalean. Garai batean baba aurkitzen zuena egun horretako errege izendatzen zen. Gaur egun, tradizio berriaren arabera, ohikoa da kutuna aurkitzen duena errege izendatzea eta baba aurkitzen duenari opila ordainaraztea.
Ohiko osagaiak hauek dira: indar-irina, gurina, esnea, azukrea, legamia, arrautzak, gatza. Nahieran: laranja eta limoi azala, likoreren bat, kanela, laranja-lorearen ura, mazapana. Apaintzeko: fruitu melatuak, almendrak, pinaziak, azukrea.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugalen, Bolo Rei; Espainian, oro har, roscón de reyes eta rosco de reyes; Katalunian, tortell de reis; Galizian, Roscón de Reis. Frantzian, berriz, hegoaldean, Gâteau des rois, Couronne des rois, Royaume des rois eta Coque des rois (okzitanieraz: reialme, reiaume, corona, tortèl dels reis) izenekin ezaguna da eta errege-opilaren berdin-berdina, baina iparraldean eta Belgikan Galette des Rois izenekoa jaten da, itxura eta elaborazio desberdinekoa: hostorezko opil bat da, frangipanez (almendra-kremaz), kremaz edo txokolatez betea. Amerikako herrialde batzuetan ere jaten da, batez ere Mexikon (rosca de reyes) eta Estatu Batuetako Luisianan (King’s cake).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errege-opilaren jatorria erromatarren Saturnalia festekin lotuta dagoela dirudi, baina beste batzuen iritziz Abenduko koroarekin lotzen dute. Festa horiek Saturno jainkoaren omenez egiten ziren, erromatarrek ospa zezaten egunak luzatzen hastea, neguko solstizioa atzean utzita. Egun haietan opil biribil batzuk prestatzen zituzten, piku, datil eta eztiz hornituak. Jada III. mendean bazen barrenean baba lehor bat sartzeko ohitura, eta aurkitzen zuena errege izendatzen zuten aurrez ezarritako denbora epe baterako.
Julio Caro Barojak El Carnaval liburuan dioenez, antzinako bi testigantza daude Errege-opilari edo Fabaren Erregeari buruz. Bata Nafarroako Erresumakoa da, bertan 1361ean tradizioa baitzegoen opilean baba aurkitzen zuena “Fabaren Errege” izendatzeko; bestea Ben Quzman poeta andalusík emana da, Cancionero lanean antzeko tradizio bat deskribatzen baitu, urte berriko opil batena, barrenean txanpon bat zuena. Bi tradizio horiek mendetan gorde dira.
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Roscón de reyes
-
Rosca de reyes
-
Bolo Rei
-
Tortell de reis
-
Galette des rois
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pazko-opila (karapaixoa, mokotsa...)