[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Espainia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.
Wikipedia, Entziklopedia askea

ESTE PAIS ESTA EL LA MIERDA HIJOS D>E PUTAAAAAAAAAAA

XX. mendea

Alfontso XIII.a eta Miguel Primo de Rivera 1930ean

XX. mende hasieran, sozialismoak eta anarkismoak garrantzi handia hartu zuten, eta baita Katalunia eta Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleek ere.[1] Espainia neutrala izan zen Lehen Mundu Gerran, eta hori onuragarria izan zen merkataritzarentzat. Baina Marokoko Protektoratu Espainiarrean piztutako Rifeko Gerrak galera handiak eragin zituen; gobernuaren eta monarkiaren ospeak lurra jo zuen, eta militarrak deskontent zeuden. Horiek horrela, 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea jo zuen.

Primo de Riveraren diktadura 1930ean amaitu zen, eta ondoko urtean, 1931ko apirilaren 14an, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen. Errepublika garaian, erreforma garrantzitsuak abiarazi ziren herrialdea modernizatzeko (nekazaritza erreforma, armadaren berregituratzea, hezkuntza erreforma), sufragio unibertsala ezarri zen, emakumeei boto eskubidea emanez, eta lehenbiziko autonomia estatutuak onartu ziren (Kataluniakoa 1932an, Euskadi eta Galiziakoak 1936an).[2][3] Lehenbiziko bi urteetan Niceto Alcalá Zamora izan zen presidentea, errepublikarren eta sozialisten laguntzarekin, eta Alejandro Lerroux 19331336 bitartean, eskuinaren babesarekin. Polarizazio politikoa oso handia zen, eta bortxakeriako ekintzak ere izan ziren: eliza eta komentuen erretzea, José Sanjurjoren matxinada, Casas Viejasko gertakariak, 1934ko Iraultza eta buruzagi politikoen aurkako atentatuak.[4][3][5]


Gernikako bonbardaketa, 1937ko apirilaren 26a.

1936ko otsaileko hauteskundeetan Fronte Popularra, ezkerreko alderdien koalizioa, nagusitu zen, eta Manuel Azaña izendatu zuten presidente. Errepublikaren erreformak geldiarazteko asmoz, uztailaren 17 eta 18an, armadaren zati handi batek estatu-kolpea jo zuen; hiri handi gehienek (Madril, Bartzelona, Bilbo, Valentzia, Málaga, Donostia), ordea, Errepublikari leial iraun zuten.[5] Espainia bi gunetan zatiturik gelditu zen, bata gobernu errepublikarraren mendekoa eta bestea matxinoek kontrolatzen zutena, eta Gerra Zibila hasi zen. Francisco Franco bilakatu zen buruzagi kolpista nagusia 1936ko udazkenean. Hauek Alemania Naziaren eta Italia Faxistaren laguntza handia izan zuten; errepublikarrek barneko eta kanpoko laguntza zuten, sozialistena, komunistena, eta zenbait liberalena, eta baita Sobietar Batasunarena ere. Hurrengo hiru urtean, milioi erdi bat gizabanako hil ziren: guda zelaian 300.000, eta errepresioaren ondorioz 200.000. Guda zelaietatik at egindako hilketa horietatik, 50.000 errepublikarren kontrolpeko eremuan izan ziren (faxisten estatu kolpearen ondorengo bost hilabeteko kaos hartan, ia guztiak), eta gainerakoak frankistek eragin zituzten. Errepublikar agintariek, beren kontrolpeko eremuan, hilketak gerarazten saiatu ziren; agintari frankistek, berriz, hilketa horiek egiten lagundu zuten, aurkariak eta aurkari izan zitezkeenak hiltzea beren gobernua sendotzeko nahita erabilitako estrategia izan zen.[6] Gerra 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen, frankisten garaipenarekin.

Francisco Francok agindu zuen Espainian 1939-1975 bitartean

Gerra Zibila matxinoek irabazirik, Francisco Franco jarri zen estatuburu; demokrazia suntsiturik, diktadura ezarri zuen. Frankismoak gogor zapaldu zituen erregimenaren aurkariak, bereziki lehenbiziko urteetan. 400.000 lagun erbestera joan ziren, beste hainbeste kartzelatuak izan ziren, eta 50.000 hilaraziak.[7] 1937an sortutako Falange Española Tradicionalista y de las JONS zen legezko alderdi politiko bakarra.[8] Ardatzeko potentziekin kidetasun handiak bazituen ere, Francoren erregimenak neutral iraun zuen Bigarren Mundu Gerran.[9] Gerra ondoan, herrialdea isolaturik gelditu zen, eta Nazio Batuetatik at. 1955etik aurrera, egoera aldatuz joan zen; izan ere, Gerra Hotza zela-eta, Estatu Batuentzat garrantzi estrategiko handia zuen Espainian base militarrak ezartzeak, eta Franco horretaz baliatu zen. Autoritarismoa, nazionalismoa, oso katolizismo kontserbadorea sustatzea (nazionalkatolizismoa), eta gaztelania ez beste hizkuntzak zapaltzea izan ziren frankismoaren politikaren ezaugarriak. 1959an, Maroko, espainiar eta frantziar protekturatu izandakoa, independizatu zen, eta 1968an Ginea Espainiarra. 1969an, Francok Joan Karlos Borboikoa, Alfontso XIII.aren biloba, izendatu zuen bere ondorengo,[10] eta hark estatuburuaren eginbeharrak hartu zituen bere gain diktadoreak osasuna galdu zuenean, 1974ean. Izan ere, diktadoreak Carrero Blanco almirantea zuen haren ondorengo izendatuta. Plan hori, baina, zapuztuta geratu zen, ETAren sona handiko bonba eraso batek hura hil zuenean, 1973ko abenduan.

Joan Karlos Borboikoa Espainiako errege izan zen 1975-2014 bitartean.

1975eko azaroaren 20an, Franco hil zenean, berehala ikusi zen diktadurak ez zuela luze iraungo. Carlos Arias Navarro zen gobernuko lehendakari eta postu horretan egon zen denboran argi erakutsi zuen ez zela gauza Espainian ezinbestekoa zen demokratizazio prozesua abian jartzeko, aldiz, erregimeneko ultren edo «bunkerraren» aginduetara egon zen azken unea arte. Begirale askoren iritzian, Juan Carlos de Borbón, zeina Joan Karlos I.a izenarekin Espainiako errege baitzen 1975eko azaroaren 27az gero, erregimeneko agintarien esanetara zegoen txotxongilo bat baino ez zen. Baina, 1976. urtearen erdialdera, Joan Karlos erregeak pertsona gazteago bat izendatu zuen gobernuko lehendakaritzarako, trantsizio demokratikoa egiteko gai izango zen norbait: Adolfo Suárez. Karisma handiko gizona eta politikari trebea izaki, Suárezek bideratu zuen Espainia aniztasunaren eta demokraziaren mundura, odol isurketarik gabe. Alderdi politikoen legeztatzea, amnistiaren legea, lehen hauteskunde libreak (1977ko ekaina) eta 1978ko konstituzio berri adostua izan ziren trantsizio demokratikoaren aldi garrantzizkoenak. Dena den, 1977ko Amnistia Legeak zigorgabe utzi zituen frankismoaren krimenak (114.266 lagun desagerturik), eta Gasteizko martxoaren 3ko edota Atochako sarraskien erantzuleak epaitu gabe gelditu ziren.[11]

Konstituzio berriak aukera eman zuen Espainiako herri gutxituetako nazionalismoek, konstituzio horretan nazionalitate historiko deitutakoek (Euskal Herria, Katalunia eta Galizia), erreibindikatzen zituzten autogobernu eskaerak autonomia estatutuen bitartez bideratzeko. Aldiz, estatuak, Rodolfo Martin Villa buru zuela, autonomien eredua Espainiako gainerako lurralde guztietara zabaldu zuen 1980tik aurrera, katalanen eta euskal herritarren indarrari kontrapisu egiteko.[12][13] LOAPA legea izan zen berdintze ahalegin horren lehen pausoa;[14] estatu eredu horri "kafea denontzat" deitu zaio ("café para todos").[12] Espainiako Koroak hasieratik hartu zuen Espainiako nazio batasunaren gidaritza sinbolikoa eta, hainbaten iritziz, erregearen parte hartzea funtsezkoa izan zen Antonio Tejero koronelak, 1981eko otsailaren 23an, Madrilgo parlamentuan egin zuen estatu-kolpe ahalegina menderatzeko orduan. Adolfo Suárez, berriz, nahiz eta trantsizio demokratikoaren garaian politikari ausart eta abil gisa agertu, ez zen gauza izan bere proiektu zentristaren buruan (UCD) 1982ko hauteskundeak irabazteko, eta ordu arte oposizioan egondako Alderdi Sozialista (PSOE) igo zen agintera. Felipe González hautatu zuten gobernuko lehendakari.

Felipe González, Espainiako presidente 1982-1996 bitartean.

1982tik 1996ra, PSOE egon zen agintean; garai hori modernizazio eta eguneratze aro bat izan zen Espainiarentzat, eta mendebaldeko erakunde garrantzitsu batzuetan sartu zen (Europako Ekonomia Erkidegoa; NATOn, jende askoren oposizioarekin, nahiz sartzearen aldekoek erreferenduma irabazi zuten); sona handiko bi ekitaldi berezik ospe handia eman zioten Espainiari munduan: Bartzelonako Joko Olinpikoek eta Sevillako Erakusketa Unibertsalak, biak 1992an. Azkenean, ordea, hainbat ustelkeria kasutan eta GALen ekintza terroristetan zikindu ondoren, 1996ko martxoko hauteskundeak galdu zituen Felipe Gonzálezek Alderdi Popularraren (PP) mesedetan, eta alderdi horretako José María Aznar hautatu zuten Espainiako lehendakari.

XXI. mendea

2000. urteko hauteskundeak ere PPk irabazi zituen, aurrekoetan baino abantaila handiagoz, gehiengo absolutua erdietsi baitzuen José María Aznarren alderdiak. Beren desadostasunak gorabehera, Espainiako bi alderdi nagusiak, PP eta PSOE, bat etorri ziren Europar Batasunari buruzko ekonomia politikan, haren aldeko apustua egin baitzuten, zalantzarik gabe, eta zintzo bete baitzituzten Europatik markatu zitzaizkien ekonomia irizpideak: inflazioaren eta defizit publikoaren aurkako borroka eta diru politika zorrotzagoa. Politika horrek, beraz, arrakasta izan zuen eta, hala, 1999ko urtarrilean, euroa osatzen zuten estatuen artean zegoen Espainia.

Euskal terrorismoaren aurkako borroka, berriz, askoz ere auzi korapilatsuagoa izan zen, eta adostasunak eta desadostasunak sortu zituen, tarteka, alderdi nagusien artean. 1998an, ETAk alde bateko su-etena aldarrikatu zuen, euskal abertzale moderatuak (EAJ-PNV eta Eusko Alkartasuna) subiranotasun dinamika batean sartzearen truke, eta Madrilgo gobernuarekin negoziatzeko borondatea adierazi zuen, baina su-etenak ez zuen askorik iraun, 2.000. urtearen hasiera aldera, ETAk bertan behera utzi baitzuen eta berriz hasi baitzen atentatuak egiten, gero eta gogorragoak: politikarien, enpresaburuen, kazetarien eta edozein herritarren aurka.

2004ko martxoaren 11ko atentatuetako biktimen omenezko oroitarria

Bestalde, Aznarren agintaldian, Espainiak soldaduak bidali zituen bai Afganistanera eta bai Irakera, Estatu Batuetako George W. Bush lehendakariaren aginduz bi herrialde horietan egindako inbasioetan laguntzera; Irakeko Gerran parte hartzeak sekulako protestak eta manifestazioak eragin zituen Espainian, munduko beste bazter askotan bezala. 2004ko martxoaren 11n, legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan, Espainian inoiz izan den atentaturik lazgarriena egin zuten Madrilen, 191 lagun hil eta 1.858 zaurituz. Gobernuak ETA izan zela zabaldu zuen, ideia horren kontrako zantzuak agertu ahala. Gobernuaren deskredituak piztutako krisiaren ondorioz, PP alderdiak gobernua galdu zuen, PSOEko Zapateroren alde.[oh 1]

2006an ETAk beste su-eten bat iragarri zuen, baina urtearen bukaeran hautsi zuen, Barajasko aireportuko terminal berrian bonba bat leherraraziz eta bi lagun hilez. 2008ko hauteskundeetan, José Luis Rodríguez Zapatero aukeratu zuten berriz ere Espainiako lehendakari. Hain zuzen, 2008. urtea jotzen da ekonomiaren krisialdiaren hasiera urtetzat Espainian. Hartutako haren kontrako neurriek handitu egin zuten aberatsen eta txiroenen arteko aldea. 2019an egindako kalkulu batek agerian utzi zuen argindarraren batez besteko prezioak soldatak zazpi halako igo zirela 13 urtean; Europako hirugarren argindar garestiena zuen 2019an, Alemania eta Portugaletik atzetik bakarrik.[15]

Gobernua eta administrazioa

Politika

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Gobernua»

Espainia monarkia konstituzionala da. 1978an ezarritako konstituzioak estatuaren eta armadaren buru jartzen du erregea, eta erregetza herentziaz transmititzen da. Botereak honela daude banaturik:

  • Botere betearazlea Espainiako Gobernuak eta honen buru den Presidenteak osatzen dute. Egoitza Moncloako jauregian dago.
  • Botere legegilea Espainiako Gorteen esku dago. Bi ganbera ditu: Diputatuen Kongresua edo Behe Ganbera, eta Senatua edo Goi ganbera. Ahalmen betearazlea gobernuko lehendakariak du; erregeak izendatzen du lehendakaria, hauteskundeen emaitzaren arabera. Lehendakariak ministroak hautatzen ditu, eta horiek ministro kontseilua osatzen dute.
  • Botere judiziala epaile eta magistratu ezberdinez osatutako epaitegi eta tribunalen eskumena da, Erregearen izenean. Herrialdeko epaitegi nagusia Auzitegi Gorena da.

Diputatuen Kongresuaren osaketa
2016ko Espainiako hauteskunde orokorren ondoren
Alderdia Eserlekuak
Alderdi Popularra (PP)
137
Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE)
110
Ahal Dugu-Ezker Batua-Equo (Podemos–IU–Equo)
71
Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's)
32
Kataluniako Ezker Errepublikarra (ERC–CatSí)
9
Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa (CDC)
8
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
5
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
2
Kanariar Koalizioa-Kanarietako Alderdi Nazionalista (CC–PNC)
1
Guztira 350 eserleku.

Senatuaren osaketa
2016ko Espainiako hauteskunde orokorren ondoren
Alderdia Eserlekuak
Alderdi Popularra (PP)
151
Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE)
63
Elkarrekin Ahal Dugu (Podemos–IU–Equo)
23
Kataluniako Ezker Errepublikarra (ERC–CatSí)
12
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
6
Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa (CDC)
4
Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's)
3
Kanariar Koalizioa-Kanarietako Alderdi Nazionalista (CC–PNC)
1
Gomerako Talde Sozialista (ASG)
1
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
1
Aldaketa (Cambio-Aldaketa)
1
Guztira 264 eserleku.

Alderdi politikoak

Estatu eremuko alderdi nagusiak
  • PSOE: Espainiako Langile Alderdi Sozialista, Partido Socialista Obrero Español
  • PP: Alderdi Popularra, Partido Popular
  • VOX: Vox
  • UP (Podemos-IU): Elkarrekin Ahal Dugu, Unidas Podemos
  • Cs: Herritarrak – Herritarron Alderdia, Ciudadanos – Partido de la Ciudadanía
  • MP: Herrialde Gehiago, Más País
Erkidegoetako alderdi nagusiak

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Autonomia Erkidego» eta «Espainiako probintziak»

Espainia 17 eskualde administratibotan banatua dago, autonomia erkidego izenekoak. Erkidego bakoitzaren lurraldea probintzia batean edo gehiagotan zatiturik dago. Guztira 50 probintzia dira. Bi hiri daude eurek bakarrik autonomia dutenak, autonomia hiri izenekoak. 8.111 udalerri daude.

Defentsa

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Indar Armatuak»

Espainiako Indar Armatuak (siglak: FFAA edo FAS) edo Espainiako Armada da Espainia babesten duen erakunde militarra. Buruzagi Gorena Filipe VI.a erregea da, eta María Dolores de Cospedal Defentsa ministroa. Espainiako Konstituzioan ezarrita dagoenez,[16] Indar Armatuak honela banatuta daude:

Horrezaz gainera, hiru armadetako militarrez osaturiko bi unitate daude: Errege Guardia eta Larrialdi Unitate Militarra. Gerra kasuetan, Guardia Zibilak ere parte hartzen du armadan.

Demografia

Biztanleria

Espainiako biztanleriaren dentsitatea (2008).

2016an Espainiak 46,4 milioi biztanle zituen;[17]; dentsitatea 92 biztanle kilometro koadroko da. Biztanleen % 76,9 hiritan bizi da. Jaiotza eta heriotza indizeak Europako gainerako herrien antzekoak dira. Emankortasun indizea oso txikia da, 1,49 haur emakumeko (2016); bizi itxaropena berriz munduko handienetakoa, 81,7 urtekoa, 78,7 urtekoa gizonezkoentzat, eta 84,9-koa emakumezkoentzat. Biztanleak adinka hartuta, 0-14 urte bitartekoak % 15,4 dira, 15-24 urte bitartekoak – % 9,6, 25-54 urte bitartekoak – % 45,2, 55-64 urte bitartekoak – %11,9, eta 65 urtetik gorakoak – % 17,8.[18] Datu horiek argi eta garbi erakusten dute gizartea geroz eta zaharragoa dela, horrek etorkizunerako dakartzan arazo guztiekin (erretiratu asko eta langile gutxi).

Biztanleriaren banaketa geografikoa aldatzen ari da. 1950–60 inguruko migrazio mugimenduak, Espainia barneko mugimenduak, landatik hirirakoak eta barnealde nekazaritik periferia industrialerakoak izan ziren, batez ere. Baina periferia horretara industria astunaren krisia etorri zenez geroztik, gauzak aldatu egin dira. Hala, tradizioz industrialak izan diren eskualdeak biztanleria galtzen ari diren bitartean (batez ere, Asturiasen eta Euskadin, Katalunian gutxiago), ekonomia anitzagoa duten eskualdeak (Balear Uharteak, Kanariak, Valentzia…) dira, gaur egun, biztanle gehien erakartzen dutenak.

Banaketa etnikoa

Hizkuntzaz, kulturaz eta ohituraz –hala nola klimaz, paisaiaz, bizimoduz, etab.– aniztasun handia dago Espainiako erresumaren baitan. Francoren diktadura garaian (19391975), estatuak aniztasun horiek ezabatzeko ahalegin handiak egin bazituen ere, diktadura amaitu zenez geroztik, eta lurraldearen politika antolamendu berriari esker (autonomia estatutuak) beren kultura eta hizkuntza aberastasuna garatzeko aukera izan dute Espainia osatzen duten nazionalitate historiko eta gainerako eskualdeek. Ijitoak XVI. mendean iritsi ziren, eta 750.000-1.000.000 dira gaur egun.[19]

Bestalde, kontuan izan behar da, Espainia tradizioz emigranteen herria izan bada ere (Ameriketara, Europara…), azken urteotan immigrazio lurralde bilakatu dela, nahiz eta atzerritar kopurua zehaztea nahiko zaila izan, asko eta asko ezkutuka sartzen baitira. Atzerritarren erdiak, gutxi gorabehera, europarrak dira, baina latino-amerikarrak eta afrikarrak ere asko dira, Maroko eta Magreb aldekoak gehienak, baina Saharaz hegoaldekoak ere bai; ez da ahaztu behar Afrikatik Europarako ate naturaletako bat dela Espainia.

Hizkuntzak

Espainiako hizkuntzak
     Gaztelania, estatu osoan mintzatua      Katalana edo valentziera      Galiziera      Euskara      Astur-leonesa      Aragoiera      Aranera
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako hizkuntzak» eta «Gaztelania»

Espainiera edo gaztelania moderno estandarra mintzatzen da; katalana, galiziera, euskara, aranera, aragoiera eta asturiera ere mintzatzen dira. Gainera, Portugaleko mugako zenbait lekutan (Extremaduran) fala eta extremadurera hizkuntzak mintzatzen dira, eta Ceutan eta Melillan arabiera eta errifiera. Espainieraz mintzatzeko gai dira Espainiako biztanle gehien-gehienak; gainerakoan, hau da hizkuntzen banaketa: katalana – % 17; galiziera – % 7; euskara – % 2; besteak – % 1. Hizkuntza ofiziala gaztelania da, baina zenbait Autonomia erkidegotan, beste hizkuntzekin koofiziala da.

Hauek dira:

Erlijioa

Sakontzeko, irakurri: «Erlijioa Espainian»

1978ko Espainiako Konstituzioaren 16.3 artikuluak Espainia estatu akonfesionaltzat definitzen du: «Erlijio batek ere ez du izango estatu-izaerarik». Gainera, erlijio askatasuna bermatzen du. Estatuko erlijio nagusia katolizismoa da. Eliza Katolikoa da Konstituzioan aipatzen den bakarra, 16.3 artikuluan zehazki: «Botere publikoek [...] Eliza Katolikoarekin eta beste erlijioekin lankidetza-harremanak izango dituzte». 2009ko urrian CISek egindako inkestan azaldu zenez, biztanleen % 69,9 katolikoa da, % 25,8 ateo edo erlijiogabea, eta % 1,7 beste erlijio baten jarraitzailea.[20] 2005ean New York Timesek egindako ikerketa baten arabera, espainiarren % 18 besterik ez da joaten erregularki mezetara. 30 urte baino gutxiago dituztenen artean, ehuneko hori % 14ra jaisten da.

Erlijioak Espainian 2016an[20]
Erlijioa Ehunekoa
Katolikoak
69.9%
Erlijiogabeak
15.5%
Ateoak
10.3%
Bestelakoak
2.4%
iturria CIS[20]

Hiri nagusiak

Ekonomia

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako ekonomia»
Espainia Schengen eremuko, Euroguneko eta Europar Merkatu Bakarreko kidea da

2017an, munduko 14. indar ekonomikoa zen Espainia, BPGaren arabera, Europar Batasuneko 5.a, eta Euroguneko 4.a. 2008ko Atzeraldi Handia baino lehen, munduko 8. postura iritsi zen.[22] BPGren banaketa, sektoreka, ondorengo hau da: % 2,5 besterik ez dagokio nekazaritzari, industriari – % 22,4, eta zerbitzuei – % 75,1 (2016). Biztanleria aktiboaren sektorekako banaketari dagokionez, lehen sektorean enplegatzen da biztanleria aktiboaren % 4,2, bigarren sektorean langileen – % 24, eta hirugarren sektorean edo zerbitzuetan biztanleria aktiboaren – % 71,7 (2009).[18]

Benidorm, Europako turismo gune garrantzitsunetakoa

XX. mendearen erdialdea arte Espainiako ekonomia arkaikoa, garapen eskasekoa eta autarkikoa izan bazen ere, modernizatze prozesu azkarra bizi izan du 1960 ingurutik aurrera. 1960ko hamarkadako hazkunde tasa handien ondoren («espainiar miraria» deitu zitzaion), motelaldi serioa bizi izan zuen (petrolioaren krisialdia) 1974tik 1985 aldera arte. 1986tik 1991era, ordea, beste aurrerakada bortitz bat izan zuen eta, 1992tik 1994 ingurura gainbehera txiki bat izan ondoren, 1995etik mende amaiera arte hazten jarraitu zuen ekonomiak Espainian (1997an, % 3,2ko hazkundea). 1986an Europar Batasunarekin bat egin izanak guztiz baldintzatu zuen, geroztik, Espainiako agintariek bideratu zuten ekonomia politika. Hainbat gizarte arazo gorabehera, zorroztasunaren aldeko apustua egin zen Maastrichteko Itunean zehaztutako konbergentzia irizpideak errespetatu ahal izateko. Hala, austeritate neurriak hartzeari, aurrekontu zorrotzak egiteari eta diru politika estuagoa bultzatzeari esker, Espainiak goian aipatutako irizpide gehienak bete ahal izan zituen, eta 1999ko urtarrilaren 1ean euroan integratu ahal izan ziren herrialdeen zerrendan sartu zen. 1998ko udaberrian, Europar Batzordeak Espainiako emaitza ekonomikoen azterketa egin zuenean, zor publikoaren indizea zegoen soilik Maastrichten erabakitako irizpideetatik kanpo. Aldiz, irizpide horien barruan sartzen ziren inflazioa (% 2, 1997an), aurrekontu defizita (% 2,9), interes tasen bilakaera eta pezetaren parekotasuna aurreko bi urteetan zehar. XXI. mende hasierako higiezinen burbuila lehertzean, krisi sakonean sarte zen estatu osoa ordura arte eraikuntzak BPGaren % 16 ematen baitzuen, eta langile-tasa % 12 zen.[23] Krisiaren ondoren, langabezia tasa ia % 20ra igo zen;[24] eta, Finantza Ministroaren arabera, «azken mende erdiko atzeraldi sakonenean sartu zen».[25]

Langabezia-tasa probintzien arabera (2015)

2017an, bigarren langabezia-tasarik handiena zuen Europar Batasuneko herrialdeen artean;[26] 2019an, % 14ko langabezia tasa zuen; Santiago Niño-Becerra ekonomialariak ohartarazi du, baina, beste % 15 nahigabeko azpienpleguan zebilela. Urte horretan, halaber, langabezia-tasa % 33koa zen eta, 16tik 24 urte artekoen tartean, % 70ekoa.[27] Desberdintasun sozialik handiena Euroguneko herrialdeen artean, herritarren artean errenta erabilgarriak duen banaketari begiratuta. 2006az geroztik, nabarmen handituz joan da desberdintasun sozial hori: gehien irabazten dutenen eta gutxien irabazten dutenen arteko aldea gero eta handiagoa da.[28] Autonomia erkidegoen artean, Madril (32.723 euro 2016an), Euskadi (31.805 euro) eta Nafarroak (29.807 euro) dute per capita errenta handiena, eta Extremadura (16.369 euro) eta Andaluziak (17.651 euro) txikiena.[29]

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura

Literatura

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako literatura»

Espainiar idazle oso ezagun eta miretsiak daude literaturaren historian, guztien aurretik Miguel de Cervantes baina baita Benito Perez Galdos, Emilia Pardo Bazan, Miguel de Unamuno, Antonio Machado, Juan Ramón Jiménez egile klasikoak ere, besteak beste, edo Camilo José Cela garaikidea.

Kirolak

Azken urteetan, badira mundu mailan nabarmendu diren kirolari espainiarrak. Fernando Alonso 1 Formulako Munduko Txapelketa 2005. urtean, Rafael Nadal, egun 60 partida segidan irabazita eta hainbat Roland Garros eskuan dituelarik. Espainiako Lehen mailako futbola munduan aurkitu daitezkeen jokalari onenekin osatuta dago, munduko ligarik onenetakoa omen da adituen ustez. Espainiako Itzulia delako lasterketa da txirrindularitzan nabarmentzen dena, hala ere, ia autonomia elkarte bakoitzean egiten da lasterketaren bat edo bi urtean.

Gastronomia

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako gastronomia»

Espainiako gastronomiak platerak prestatzeko era asko ditu, herrialdea osatzen duten eskualde ezberdinen ekarpenekin aberasten dena. Jatorrizko sukaldaritza, landa- eta kosta-estiloen artekoa da, kultura askoren eta paisaien eta klimen aniztasuna adierazten duena.[30] Historian zehar, Espainia konkistatu duten herriek eta baita espainiarrek berek konkistatu eta kolonizatu dituzten herriek eragin handia izan dute espainiar sukaldaritzan. Egoera horrek sukaldaritzako teknika eta osagai ugari eman dizkio.

Hedabideak

Sakontzeko, irakurri: «Telebistaren historia Espainian»

Herrialde komunikabide nagusiena telebista da. Espainiak irrati eta telebista kate publikoak ditu, RTVE erakundeak kudeatzen dituenak. Telebista kate nagusienak La 1, La 2, Antena 3, Cuatro, Telecinco eta laSexta dira. Kate guzti hauek pribatuak dira La 1 eta 2 izan ezik.

Egunkari irakurrienen artean El País eta El Mundo ditugu; ABC, La Razón, Público, La Vanguardia eta La Gaceta bi horien atzean daudelarik. Kirol egunkarien artean irakurrienak Marca eta As dira.

Jaiegun ofizialak

Jaiegun ofizialen zerrenda urtero zehazten da. Espainia guztirako jaiak ondorengoen artean aukeratzen dira;

Aurreskua
Castell
Jaiak
Data Izena Oharra
Urtarrilak 1 Urteberri-eguna
Urtarrilak 6 Epifania Errege Magoen eguna
Martxoak 19 San Josef (ez estatu osoan)
Martxoa edo apirila Ostegun Santua (ez da jaieguna estatu osoan)
Martxoa edo apirila Ostiral Santua
Martxoa edo apirila Pazko Astelehena (ez da jaieguna estatu osoan)
Maiatzak 1 Lanaren Eguna
Uztailak 25 Done Jakue Espainiako zaindaria Eliza Katolikoarentzat (ez da jaieguna estatu osoan)[31]
Abuztuak 15 Andre Mariaren Jasokundea
Urriak 12 Espainiako Jai Nazionala Amerikako aurkikuntzaren data, Hispanitatearen Eguna eta Pilarreko Andre Maria
Azaroak 1 Santu Guztien Eguna
Abenduak 6 Konstituzioaren Eguna 1978ko Konstituzioaren onarpenaren data
Abenduak 8 Andre Maria Sortzez Garbia Espainiaren zaindaria Eliza Katolikoarentzat[32]
Abenduak 25 Eguberri Eguna Jesus Nazaretekoaren jaiotza

Estatu mailako 9 jaiegunez gain, autonomia erkidego bakoitzak bi jaiegun ezar ditzake, eta udalerri bakoitzak beste bi. Horrela, 13 edo 14 izanen da gehienezko kopurua guztira.

Gizateriaren Ondarea

Sakontzeko, irakurri: «Gizateriaren Ondare»

Espainia munduko 2. estatua Gizateriaren Ondare izendatuta dituen monumentu kopuruari dagokionez, Italiaren atzetik.

Güell parkea.
Segoviako Alkazarra.
Guadalupeko monasterioa.
San Millán de Suso.
Elxeko palmadia.

Euskal diaspora

Oharrak

  1. Bonba erasoak aldirietako sareko lau trenetan izan ziren, jendez beteta zeudenean: 191 lagun hil eta 1.858 zauritu zituzten. Gobernuak berehala egotzi zion atentatua ETAri, eta bertsio hori hedarazi, Espainian bertan ez ezik, nazioarteko bai erakundeetan eta bai hedabideetan, nahiz berehala hasi ziren terrorista islamisten zantzuak agertzen, eta ETAk hurrengo egunean gezurtatu bere parte hartzea. Atentatua gaitzesteko egindako manifestazio jendetsuetan, jende askok agertu zion gobernuari bere mesfidantza eta egia jakin-nahia. Al Kaedako zelula islamistek erreibindikatu zuten atentatua, baina gobernuak, bere alderdiak eta inguruko hedabideek ez zuten hori aintzat hartu nahi izan, eta ETAri egotzi nahi izan zioten; oposizioak eta herritar askok, ordea, gezurretan ibili izana egotzi zioten gobernuari. 2008an, epaiketa egin ondoren, Auzitegi Gorenak terrorista islamisten sare bat kondenatu zuen atentatu horrengatik. Atentatua izan eta handik hiru egunera, hauteskundeak egin ziren, eta alderdi sozialistak irabazi eta José Luis Rodriguez Zapatero aukeratu zuten herritarrek presidente.

Erreferentziak

  1. Espainia. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2017-6-4).
  2. (Gaztelaniaz) «La Constitución de 1931 y el bienio reformista» Historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2017-06-07).
  3. a b (Gaztelaniaz) «El bienio radical-cedista. La revolución de 1934. Las elecciones de 1936 y el Frente Popular» Historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2017-06-07).
  4. de la Granja Sáinz, José Luis; Ugarte Tellería, Javier. «Guda Zibila 1936-1939» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2017-06-07).
  5. a b (Gaztelaniaz) Tamames Gómez, Ramón. Breve historia de la guerra civil. Ediciones B (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  6. (Gaztelaniaz) Constenla, Tereixa. (2011-03-27). «España masacrada» El País.
  7. Mendiola Gonzalo, Fernando. «Frankismoa: Errepresioa, erregimenaren oinarria» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  8. Mendiola Gonzalo, Fernando. «Frankismoa: Lau Hamarkadetako diktadura (1936-1975): Erregimenaren egituratze politikoa» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  9. (Gaztelaniaz) Egido León, María de los Ángeles. «Franco y las potencias del Eje: la tentación intervencionista de España en la Segunda Guerra Mundial» Espacio, Tiempo y Forma (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  10. «Franco Bahamonde, Francisco» Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  11. Udalaitz, Daniel. «Gasteizko sarraskia 1976: “Ez dago hilketengatik erantzukizunak eskatzeko borondate politikorik”» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-6-8).
  12. a b (Gaztelaniaz) AGENCIAS. (2011-01-24). «Bono, sobre las autonomías: La fórmula "café para todos" fue un error que se debe corregir» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
  13. (Gaztelaniaz) Villascusa, Ángel. «¿Por qué León se unió a Castilla? Un exministro franquista, un recurso fallido al Constitucional y un contrapeso a los nacionalistas» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
  14. Urain, Jon O.. «Higadura baten kronika» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-12).
  15. (Gaztelaniaz) Ruiz, Javier. (2019-05-22). «El drama eléctrico en España: la luz sube siete veces más que los salarios» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2019-05-24).
  16. Espainiako Konstituzioa, gai militarrei dagokienez.
  17. (Gaztelaniaz) Población residente en España. Datos provisionales a 01/07/2016. Instituto Nacional de Estadística, Ine.es (Noiz kontsultatua: 2017-6-2).
  18. a b (Ingelesez) The World Factbook: Spain. CIA.gov (Noiz kontsultatua: 2017-6-2).
  19. (Gaztelaniaz) Diagnóstico social de la comunidad gitana en España. msc.es (Noiz kontsultatua: 2017-6-5).
  20. a b c Barometro de octubre de 2016. cis.es (Noiz kontsultatua: 2017-06-14).
  21. (Gaztelaniaz) Cifras oficiales de población resultantes de la revisión del Padrón municipal a 1 de enero, ine.es
  22. (Gaztelaniaz) «España cae en el ránking: pasa de la 8º a la 14º economía del mundo» Expansión (Noiz kontsultatua: 2017-06-11).
  23. (Ingelesez) «Global Guru Analysis» The Global Guru (Noiz kontsultatua: 2010-06-01).
  24. «» «Mounting joblessness in Spain — and worse to come», The Economist, 2009-01-22.
  25. (Ingelesez) «Spain faces deepest recession in 50 years», Spanish News, 2009-01-18.
  26. «Hamabost milioi eta erdi langabe» Berria 2017-05-03 (Noiz kontsultatua: 2017-06-12).
  27. (Gaztelaniaz) Becerra, Santiago. (2019). «A nivel individual se vivirá en una incertidumbre permanente» Gara: 22-23. 2019-06-09.
  28. (Gaztelaniaz) Delgado, Cristina; Mars, Amanda. (2012-10-10). «España es el país con mayor desigualdad social de la eurozona» El País.
  29. (Gaztelaniaz) Delgado, Cristina. (2017-03-30). «Cinco comunidades han recuperado ya el PIB por habitante anterior a la crisis» El País.
  30. Robuchon, Joël. (2004). España. in: Larousse gastronomique en español. Bartzelona: Larousse, 462-465 or. ISBN 9788483325278..
  31. (Gaztelaniaz) «Santoral», Diocesismalaga.es.
  32. (Gaztelaniaz) Madrilgo «Santoral», Archimadrid.es.

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Espainia