Irmandades da Fala
Irmandades da Fala | |
---|---|
Datuak | |
Mota | kultura erakundea |
Herrialdea | Espainia |
Ideologia | Galiziar nazionalismoa |
Agintea | |
Egoitza nagusi |
|
Historia | |
Sorrera | 1916 |
Sortzailea | Antón Villar Ponte (mul) Manuel Lugris Freire (en) Florencio Vaamonde (en) Eugenio Carré Aldao (en) Luís Porteiro Garea (en) Francisco Tettamancy (en) Ramón Villar Ponte (mul) |
Ondorengoak | Partido Galeguista |
Desagerpena | 1931 |
Irmandades da Fala (euskaraz: «Hizkuntz Anaitasunak») erakunde politiko nazionalista eta kulturzale galiziarra izan zen, 1916 eta 1936 artean aktiboa ibili izan zena, "Rexurdimento" garaiaren azken erdialdean. Talde honek lehen aldiz galizieraren elebakartasuna planteatu zuen.
Santiago de Compostela, Monforte de Lemos, Pontevedra, Ourense eta Vilalban egoitzak sortu zituzten, eta hortik aurrera hazten joan ziren: 1916ko amaieran as 6 irmandade eta 200 kide bazituzten, 1918ko azaroan 13 irmandade eta 700 kide zeuden, batez ere A Coruñan, eta 1929an 46 talde edukitzera iritsi ziren. Kide gehienak intelektual eta langile liberalak ziren. 1932an Partido Galeguista sortu zuten, nazionalista guztiak batzeko asmoarekin, eta horrek taldearen gainbehera markatu zuen.
Bestela, A Nosa Terra izan zen talde honen eta Partido Galeguistaren aldizkari nagusia.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1915ean Aurelio Ribalta idazle galiziarrak, Madrilen bizi eta bertako intelektual galegisten talde bateko kidea zenak, galiziera babesteko deia egin zuen Estudios Gallegos aldizkarian. 1916ko urtarrilaren 5ean Antón Villar Ponte idazle galiziarrak aurrekoaren deia jaso eta kanpaina bat hasi zuen La Voz de Galicia egunkarian, Galizieraren Adiskideen Liga bat sortzeko helburuarekin. Urte bereko martxoan Nacionalismo gallego. Nuestra afirmación regional liburuxka argitaratu zuen, zeinetan galiziera sustatu, duin egin eta babestu beharra aldarrikatu zuen.
Proposamena ongi jasoa izan zen galiziarren artean eta bi joera ideologiko bildu zituen nagusiki: Antón Losada Diéguez ohiturazalearena eta joera liberal demokratikoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1916ko maiatzaren 18an Antón Villar Pontek Galiziar Errege Akademiaren A Coruñako egoitzan bilera bat deitu zuen. Bertan hogei pertsona inguru bildu ziren, horien artean Manuel Lugrís Freire, Florencio Vaamonde Lores, Uxío Carré Aldao, Luís Porteiro Garea, Francisco Tettamancy eta Ramón Villar Ponte. Bilera horretan Irmandade dos Amigos da Fala sortzea erabaki zen, zeinak helburu gisa galiziera babestea, sustatzea eta gorestea izango zituen. Elkarte horren Lehen Kontseilaria Antón Villar Ponte izendatzea ere erabaki zen.
Azkar hasi ziren tokiko elkarteak sortzen, lehenengo Santiago de Compostelakoa urte bereko maiatzaren 28an Luis Porteiro Gareak zuzendua, ostera Monforte de Lemosekoa, Pontevedrakoa, Ourensekoa eta Vilalbakoa. 1917an Ferrol, Melide, Vigo, Mondoñedo eta Barallako irmandade edo bazkundeak sortu ziren. 1918an aldiz A Estrada, Vilagarcía de Arousa, Betanzos, Ortigueira, Muxía eta Lugon bazkunde bana sortu zuten. Elkarte hauetan sona handiko pertsonak batu ziren, hala nola, Aurelio Ribalta, Manuel Banet Fontenla, Ramón Cabanillas eta Xoán Vicente Viqueira. Ourenseko elkartean adibidez, Antón Losada Diéguez, Vicente Risco, Ramón Otero Pedrayo eta Florentino López Cuevillas sartu ziren, denak ere Galizian entzute handiko pertsonak. Galiziar diasporak ere sortu zituen irmandadeak, hala nola, Madrilen, Habanan eta Buenos Airesen.
1916ko apirilaren 26an lehen ekitaldi publikoa egin zuten, Carralgo fusilamenduak gogoratzeko. Lehen ekitaldi publiko hauek galiziar kultura eta hizkuntza sustatzea zuten helburu, galizierazko ikastaroak, errezitaldiak, lore-jokoak eta erakusketak antolatuz. Alabaina, laister hasi ziren izaera politikoagoa zuten ekintzak antolatzen. 1918ko hauteskundeetara bi hautagai aurkeztu zituzten: Porteiro Garea Celanovan eta Losada Diéguez Estradan. Biek ere emaitza kaskarrak izan zituzten. Manuel Lugrís Freirek Irmandadeen ereserki ofiziala idatzi zuen:
« | Na fala gallega vive a ialma da nosa terra; |
» |
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Galiziar hizkuntzan bizi da
gure lurraren arima;
Galiziaren askatasuna
bere doinuetan taupadaka dabil.
Bere mintzaira alboratzen duen herriak
Naturari traizio egiten dio;
anaiak bezala denok mintza dezagun
galiziar hizkuntza sotila.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Campos Villar, Xabier: "A evolución ideolóxica de Manuel Lugrís Freire Artxibatua 2010-04-03 hemen: Wayback Machine", en Madrygal. Revista de Estudios Gallegos, 2007. p. 45-53.