2008ko Udako Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia
2008ko Udako Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia | |
---|---|
Mota | Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldia live television (en) |
Data | 2008ko abuztuaren 8a |
2012 → | |
Kokaleku | Pekin |
Zuzendaria | Zhang Yimou |
Webgune | web.archive.org… |
2008ko Udako Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia Pekinen izan zen, Txinako Herri Errepublikako hiriburuan. Pekin 2008ko Jokoen irekiera ofiziala 2008ko abuztuaren 8an izan zen, eta hiru orduko iraupena izan zuen Pekingo Estadio Nazionalean, horretarako eraikitako estadio olinpikoan.
Hu Jintao Txinako presidenteak egindako irekiera-deklarazioa izan zen bertan, eta baita epaile eta kirolarien ohiko zin olinpikoak. Zuzenean eman zen herrialde askotara, milaka milioi ikuslerentzat, eta 8 minutuko diferituan Txinan.[1] Txinako eta atzerriko pertsona ospetsu asko egon ziren estadioan, eta 91.000 ikusle. Zelaian 14.000 figurante eta 10.000 atleta, gutxi gorabehera, 204 herrialdetakoak.
100 milioi dolarreko kostua izan zuela kalkulatu da, eta Txinako zeremonia hau Olinpiar Jokoen historiako irekiera garestiena izan da 21. mendeko lehen laurdena bitartean.[2]
Zhang Yimou zuzendari txinatarrak eta Zhang Jigang koreografoak diseinatu eta zuzendu zuten irekiera ekitaldia, eta Zhang Yimou berak zuzendu zuen itxiera ekitaldia ere. Txinaren 5.000 urteko historiaren antzezpena izan zen ikuskizunaren ardatza.
Ikuskizunaren garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zelaian atzera-kontu argiztatu bat egin ondoren, 20:00etan su artifizialak piztuta hasi zen ekitaldia. 2.008 danborrarik danbor tradizional txinatarrak joaz ekin zioten Konfuzioren esaera bat kantatu bitartean. Gero, hamalau mila antzezlek dantzatu eta kantatu zuten efektu bisual indartsuak sortuz hainbat eszenaan, Txinaren 5.000 urteko historia eta haren lorpen handiak irudikatuz: iparrorratz, sutauts, paper eta inprentaren asmakuntzak, zetaren merkataritza, eta Harresi Handiaren eraikuntza, besteak beste.[3] Tang eta Ming dinastia handiak nabarmendu zituzten arren, ez ordea Qing dinastiena (XVIII. mendetik aurrera Txinaren ahultzea ekarri zuena Europarekiko). XX. mendeko gertakariak ere eszenetatik kanpo geratu ziren.
Ordezkaritzen desfilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jarraian, nazioen desfilea izan zen beti bezala Greziak irekita, pribilegio hori baitu Olinpiar Jokoak sortu zituen herrialde gisa, eta herrialde anfitrioiak, Txinak, itxita baitago. Bien artean, tradizioari jarraituz, Jokoak antolatzen dituen nazioaren hizkuntzaren ordena alfabetikoaren arabera desfilatu zuten beste 202 herrialdeek, txineraren karakteeen sailkapenaren arabera kasu honetan, sinograma sinplifikatuen sailkapenarekin.[4] Hala ere, Ipar Koreak eskatuta, Hego Koreako eta Ipar Koreako[5] ordezkaritzak, bi herrialdeen artean dauden tentsio politikoak direla eta, bereiz jarri zituzten, hiru ordezkaritza nazional tartean jarrita, nahiz eta Jokoen aurreko bi edizioetan, 2000n eta 2004an, elkarrekin agertu ziren, eta ordena txinatarrean ere hala egokitzen zitzaien arren.[6]
Yao Ming saskibaloiko izarrak eraman zuen Txinako ordezkaritzaren bandera, 2008ko maiatzeko Sichuan lurrikaratik bizirik atera zen mutil batek lagunduta.
Faltsututako ikuskizun parteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Une batean neskato batek Aberriari Oda kantu txinatarra abestu zuen, baina playback bat izan zen, edertagatik hautatu zuten ahotsa beste batena zelako.[7] Zeremoniaren emanaldian grabatutako eta aldatutako irudiak gehitu ziren, su artifizialen irudiak telebistatik emateko bereziki, kutsadura-lainoarekin lotutako arazoak saihesteko.[8] Txinako etnia ezberdinak jantzi tradizionaletan ordezkatzen zituzten 56 haur ere egon ziren, baina ez ziren jatorri etniko horietakoak berez, baizik eta Han txinatar[9] etnia nagusikoak.
Su olinpikoaren azken erreleboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Desfilearen amaieran, Hu Jintao Txinako Herri Errepublikako presidenteak ofizialki irekitzat jo zituen Udako Olinpiar Jokoak.
Su olinpikoa estadiora sartu zen ondoren, Txinako hainbat txapeldun ohik eramana. Azken eroalea izan zen Li Ning gimnasta, 1984ko Los Angelesko Jokoetan sei domina lortu zituen gizona. Kable batetik zintzilik, ibilbideko azken laurdenean lasterka ari zela simulatu zuen airean, estadioko sabaia inguratzen duen pantaila erraldoian zehar, bere aurrean irekitzen zen alfonbra bat proiektatzen zelarik, pebetontzi olinpikoa piztu zen arte.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
2008 danborrari aldi berean jotzen.
-
Txinako historiaren irudikapen bat.
-
Ordezkaritzen desfilea.
-
Mundu globo erraldoi bat estadioaren erdian.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Cérémonie d'ouverture des Jeux olympiques d'été de 2008» artikulutik itzulia izan da, 2024-07-28 data duen 217178801 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-07-28 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ JO : un différé de 8 minutes en Chine, sur leblogtvnews.com
- ↑ «2008 - Beijing» www.insidethegames.biz 2009-08-26 (Noiz kontsultatua: 2024-09-01).
- ↑ Démonstration de puissance et d'esthétisme lors de la cérémonie d'ouverture des JO, AFP
- ↑ Conférence de presse : on dévoile le programme de la cérémonie d'ouverture, sur beijing2008.cn, site officiel des Jeux olympiques de Pékin 2008
- ↑ Les deux Corée ne défileront pas ensemble, sur rfi.fr
- ↑ JO : les deux Corée défilent séparément, sur lefigaro.fr
- ↑ JO de Pékin : la petite fille en robe rouge chantait en play-back, sur latribune.fr
- ↑ La cérémonie d'ouverture des JO comportait des images truquées, sur lemonde.fr
- ↑ https://web.archive.org/web/20080819002423/http://www.europe1.fr/Info/Actualite-Internationale/Asie/Un-nouveau-trucage-de-la-ceremonie-des-JO/(gid)/157229 Un nouveau trucage de la cérémonie des JO, Europe 1, 16 août 2008