Etxe orratz
Etxe orratza, zeru-harraskaria edo zeruorratza solairu edo garaiera askoko eraikina da. Eraikinon arrazoiak asko dira: lurzoruaren kostu handia, hiriaren ikur bat eraikitzeko nahia...
Etxe orratza definitzeko era asko daude: erabilienaren arabera, 150 metro baino gehiagoko eraikina da. 300 metrotik gorakoek supergaraiak izena dute.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat arrazoirengatik eraikitzen dira. Lurzorua garestia denean, eraikin baxuak altxatzea ez zaie eraikuntza enpresei errentagarria izaten: horregatik, eraikin bertikalak hobesten dira. Prezio horiek hirien erdiguneetan garestienak izaten direnez, etxe orratzak normalean bertan egoten dira. Horrez gain, etxe orratzek boterea islatzen dute, eta toki askotan ikur modura ere altxatzen dira.
Horrez gain, auzo edo gune berrien plangintza egiten denean ere, lekuotan eraikin garaiak eraikitzen. Esaterako, Bilboko Abandoibarra auzo berriaren plangintzan, 165 metroko Iberdrola Dorrea auzo berriaren eraikinik garaiena eta ikurra izango da.
Etxe orratzak gaur egun kontinente guztietan daude eta hainbat ereduren arabera eraikitzen dira. Ameriketako Estatu Batuetan esaterako, etxe orratzak hirien erdigunean egoten dira. Gehienetan bulegoak biltzen dituzten dorreak dira, eta noizbehinka etxebizitza dorreren bat egoten da. Hiriaren erdigunea inguratuz, garaiera baxuko etxe eta bestelako eraikinak ageri dira.
Asiako herri gehienetan, ordea, eta askotan leku falta dela eta, etxe orratzak hiri guztian zehar eraikitzen dira. Normalean, bulegoak biltzen dituzten dorreak erdigunean egoten dira, eta hiriaren gainontzekoan, etxebizitza dorreak. Hong Kongen, adibidez, eraikinen % 90 hogei solairutik gorako dorreak dira. Azken urteetan, gero eta etxebizitza dorre garaiagoak eraikitzen ari dira , 80 solairuko Sorrento dorre taldea, kasu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe orratza Chicagon sortu zen XIX. mende bukaeran. 1871n, hiri hartan izan zen suteak hiri gehiena deusezturik utzi zuen. Udalak hiria berreraikuntzeko plangintza prestatu zuen, hainbat arkitekto eta ingeniariren lana batuz, Chicagoko eskola izenaz ezagutzen den mugimendu historiografikoan: hiriaren itxura berrian pentsatzerakoan, eraikin berriak hiriaren lehenagoko egituran zelan kokatu eta egitura seguruagoak eraikitzea erabaki zuten.
Mugimendu hartako kideen artean, William Le Baronek, tipologia berria proposatu zuen: etxe orratza. Horrek dentsitatea bertikalki pilatzeko aukera ematen zuen, eta igogailuaren asmakizunarekin batera, teknikoki errazagoa da horrelakoak eraikitzea. Horretarako, altzairuzko egitura metalikoak dauzkaten eraikin handiak altxatu zituzten. Munduko lehen etxe orratza 15 solairuko Reliance Building izan zen, Chicagon.
Laster etxe orratzak eraikitzeko moda New Yorkera ere zabaldu zen, XX. mende hasiera eta 1929ko krisialdi ekonomikoaren artean, Ameriketako Estatu Batuetako Chicago eta New York lehia bizian aritu ziren, munduko etxe orratzik garaiena eraikitzeko. Herrialdeak bizi zuen egoera ekonomiko onaren islada, hainbat dorre eta eraikin berri altxatu ziren. 1933ean Empire State Buildinga inauguratu zenean, mende hasieran hasitako garaiari amaiera eman zitzaion.
Ondorengo gerrateetan etxe orratzen eraikuntzak etenaldia bizi izan zuen. 1960ko hamarkadan zehar, ordea, "etxe orratzen sukarra" berpiztu egin zen eta New Yorken World Trade Centerreko dorre bikiak eraiki ziren (410 m, garai hartan munduko dorrerik garaienak). Dena den, handik gutxira Chicagon eraikitako Sears Dorreak munduko eraikinik garaienaren titulua kendu zien.
Etxe orratzak Asian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun ehundaka etxe orratz dago mundu osoan. Urteetan zehar Estatu Batuetan eraikitzen baziren ere, laster Europa eta Hego Amerikan ere eraikitzen hasi dira. Hong Kongen garapena 1960ko hamarkadan hasi zen, oraindik Erresuma Batuko kolonia zela. Horrez gain, Singapur, Hego Korea eta Japonian dorre itzelak altxatu ziren. Etxe orratzak Asiako hiri bizimoduaren parte bilakatu dira, ohikoak dira etorbide zabalak eta 50 solairutik gorako dorreak.
Txina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadatik aurrera Txinak gogor ekin dio etxe orratzak eraikitzeari. Herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko onak (urtero BPGa % 10 baino gehiago hazten da), eta nekazaritza guneetatik hirietara doan immigrazio handiak eraginda, dorreak eraikitzeko eskaria oso handia da. Hong Kongez gain, beste hiri askotan ere eraikitzen ari dira, Shanghai, Beijing, Taipei, Chongqing eta abar. Shanghain grin hori nabari-nabaria da: duela hamar urte ortuak baino ez zeuzkan Pudong barrutian, egun 500 etxe orratz baino gehiago daude, batzuk —adibidez,, Jin Mao Dorrea— 400 metrotik gorakoak dira.
Horrez gain, 300 eta 400 metro inguruko dorreak eraikitzeko proiektuak Txinako hiri askotan ageri dira, Guangzhou, Harbin, Shenzhen eta abar. Etorkizunean, etxe orratzaren paradisua izango da Txina
Etxe orratzak munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinaz gain, beste herrialde askotan etxe orratzak eraikitzen ari dira. Horren adierazgarri nagusia Dubai da: duela hogei urte hirixka zena, egun milioi eta erdi biztanle baino gehiago dituen hiria da, eta etxe orratzak eraikitzeko dozenaka proiektu daude. Eraikuntzako sektorearen adituen arabera, munduko garabien % 15 bertan dago: dorre haietako batzuk, gainera, munduko eraikinik garaienak izango dira, Burj Dubai dorrea, esaterako, 700 metro baino gehiago izango dituela aurreikusten da.
Panama Hirian bestalde, etxebizitza dorre asko altxatzen ari dira. Ameriketako Estatu Batuetako bizilagun askok euren bizitokia ezartzen du hirian, behin jubilatu eta gero. Higiezinen merkatuak eskaintzen dituen prezio merkeak direla eta, hainbat proiektu aurkeztu dira, 200 eta 400 metro bitarteko dozenaka dorre berri.
Munduko etxe orratzik garaienak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturria: Skyscraperpage.com
Eraikitzen ari diren 400 metrotik gorako etxe orratzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinaren izena | Udalerria | Herrialdea | Garaiera (m) | Solairuak | Egoera | Amaiera urtea |
---|---|---|---|---|---|---|
Kingdom Tower | Jeddah | Saudi Arabia | 1000 metro | 167 | Eraikitzen | 2020 |
Suzhou Zhongnan Center | Suzhou | Txina | 729 metro | 137 | Eraikitzen | 2021 |
Wuhan Greenland Center | Wuhan | Txina | 636 metro | 118 | Eraikitzen | 2018 |
Pearl of the North | Shenyang | Txina | 565 metro | 111 | Eraikitzen | 2018 |
Lotte World Tower | Seul | Hego Korea | 555 metro | 123 | Eraikitzen | 2016 |
Chow Tai Fook Binhai Center | Tianjin | Txina | 530 metro | 97 | Eraikitzen | 2017 |
Zhongguo Zun | Beijing | Txina | 520 metro | 118 | Eraikitzen | 2018 |
Lotte Town Tower | Busan | Hego Korea | 510 metro | 107 | Eraikitzen | 2020 |
International Commerce Center | Chongqing | Txina | 468 metro | 99 | Eraikitzen | 2019 |
Tianjin R&F Guangdong Tower | Tianjin | Txina | 468 metro | 91 | Eraikitzen | 2019 |
Lakhta Center | San Petersburgo | Errusia | 463 metro | 86 | Eraikitzen | 2018 |
Riverview Plaza | Wuhan | Txina | 460 metro | 82 | Eraikitzen | 2016 |
The Wharf IFC | Changsha | Txina | 452 metro | 88 | Eraikitzen | 2018 |
Suzhou Supertower | Suzhou | Txina | 450 metro | 92 | Eraikitzen | 2017 |
World One | Mumbai | India | 442 metro | 117 | Eraikitzen | 2017 |
China Resources Centre Block A | Nanning | Txina | 442 metro | 90 | Eraikitzen | 2018 |
106 Tower | Dubai | Arabiar Emirerri Batuak | 433 metro | 107 | Eraikitzen | 2018 |
Marina 101 | Dubai | Arabiar Emirerri Batuak | 426 metro | 101 | Eraikitzen | 2015 |
Huaguoyuan Project | Guiyang | Txina | 406 metro | 65 | Eraikitzen | 2017 |
Nanjing Olympic Suning Tower | Nanjing | Txina | 400 metro | 89 | Eraikitzen | 2017 |
Proiektuan dauden 400 metrotik gorako etxe orratzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Proiektuan dauden beste etxe orratz batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Emporis
- (Ingelesez) Skyscraperpage