[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Lankide:Txikillana/Kunyaza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kunyaza Afrika Erdialdeko sexu praktika tradizional bat da, koito heterosexualean emakumearen kalitateko orgasmoa bilatzeko.

Jatorri geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika Erdialdean (Ruanda, Kongo, Burundi, Uganda ekialdean eta Tanzania ekialdean) eta Ekialdeko Afrikako Laku Handietako eskualdean garatua eta tradizionalki praktikatua da.[1][2]

2010eko hamarkadan, praktikak Kenyan hedapen handia izan zuen sare sozialen bidez. [3] [4]


Kunyaza hitza Ruanda-Urundi terminoa da, kunyaàra aditzetik eratorria, eta rundieraz gernu egitea zein emakumeak eiakulatzea esan nahi du, emakumearen sexu organoek duten bustidura irudikatuz.[5] Isurtzen den "likido ibaiari" kunyara deitzen zaio, eta emakumezkoen orgasmoari kurangiza.[6]

Teknika honen izena eskualdearen arabera aldatzen da. Hala nola, Ugandan kakyabali bezala ezagutzen da (kachabali ortografia anglizatuan) edo jargoiz, Western Jazz Ankole eta mendebaldeko eskualdeetan oso erabilia delako.

Jendartean "sexu bustia" izenarekin ere ezagutzen da, eta Ruandako gizonek goitizen umoretsua ematen diote: shami rytikivu, hau da, "jarri emakumearen azpian suila".[7]

Kanporatutako baginaren likido kopurua dela eta, askotan sexu mota hau ura esku ahurrarekin jotzean sortzen duen soinuarekin irudikatzen da. Honekin lotuta, Ruandan "ura edaten ari den txakurra" esamoldea erabiltzen da.[1]

Folklore herrikoiaren arabera: praktika hau Ruandako Hirugarren Dinastian sortu zen. Errege bat kanpaina militarrean atera zen; haren faltan, emazteak errege-guardia baten sexu konpainia bilatu zuen. Kamagere izeneko guardia, oso urduri, ez zen koitoa egitera ausartzen, erregearen balizko mendekuaren beldur; dardarka ezin kontrolaturik, bere zakilak baginako ezpainak eta klitorisa ferekatu zituen, erreginari plazer handia emanez.[8][9]

Nsekuye Bizimana Ruandako Medikuntza Tradizionaleko espezialistaren bi argitalpenek teknika Europan ezagutarazi zuten: Weiblicher Orgasmus und Weibliche Ejakulation dank afrikanischer Liebeskunst (2005) eta Le secret de l'amour à l'africaine (2008). [10] Bizimana irakaslearen arabera, Kunyazaren tradizioa aspaldikoa da: 1986an eginiko elkarrizketetan, 70 urte baino gehiagoko jendeak beraien aiton-amonen artean ohikoa zela adierazi zuen, lekukotasun zuzenen bidez 150 urtetik atzerako bidea egitea ahalbidetuz.[1]

2008an eginiko inkesta batean, Ruandako gizonek adierazi zuten Europako emakume askok herrialdea arrazoi horregatik bisitatzen dutela.[11]

Kunyaza teknikarekin gizonak, koitoa egin baino lehen, emakumearen sexu organoak bere zakilarekin ferekatzen ditu. Honekin bere bikoteak orgasmoa izatea, eiakulatzea edota isuri ugari sortzea bilatzen du.[12] Bizimana irakasleak deskribatutako teknikan, koitorik gabeko eta sartze progresiboko atalak bereiz daitezke:

Kanpoko estimulazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kunyazaren praktikarik errazena da, gizakiak klitorisa etengabe igurzten du bere zakil tentearen babarekin. Gizonak bere menbrua eskuarekin euts dezake, norabide desberdinetan mugituz, bulbaren luze-zabalera osoan zehar baina barruan sartu gabe: klitoria, ezpain handi eta txikiak, bestibulua (gernu meatua barne)... Denbora honetan, maitaleek eszitazio maila kontrolatzen dute, orgasmo edo eiakulazio mailaraino ailegatu ez dadin.[1]

Bagina busti ahala, zakilaren mugimenduak ezpain txikien inguruan zentratuz doaz, klitorisaren gorputzaren hasieratik hedatzen baginaren irekiduraren beheko ertzeraino.[1]

Emakumearen bilo pubikoa kendu ezkero, zakilaren manipulazioa erosoagoa izaten da.[13] Lubrikazioa zaindu behar da, haren faltan marruskadurak ondoeza sor dezake eta.[1]

Barne estimulazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoekin lortutako lubrifikazioa baliatuz, penetrazioa hasten da: hasieran guztiz sartu gabe (gucuga), eta gero zerbixerainoko sarketa sakonak (gucumita) txandakatuz. Bitartean, gizonak pelbisaren mugimentu zirkularrak egiten ditu zakilaren ardatzaren inguruan, baginako kanalaren hormak estimulatuz. [10][14]


Estimulazio mota guztietan, mugimenduen erritmoa eta indarra geldoa eta delikatua da, eta in crescendo doaz, lubrifikazio progresiboaren arabera.[1]

Kunyaza posizio desberdinetan egin daiteke: Bizimanak deskribatutako posizio "klasikoan", gizona eserita, eta emakumea bere altzoan eserita da, biak parez pare. Beste posizio bat, erosoagoa agian, emakumea bizkarrez etzanda eta gizona haren hanken artean belaunikatuta izaten da. [15]

Esan behar da, beste irakasle batzuek seinalatu dutenez, Bizimana irakasleak ezikusia egin diola kunyaza tradizionalean kontuan hartzen den faktore bati: emakumearen ezpain txikien luzera (izan ere, jatorrizko herrialdeetan, ezpain txiki oso luzeak izatea estetikoki/erotikoki desiragarritzat jotzen da, eta emakumeek haiek artifizialki luzatzeko teknikak erabiltzen dituzte). [16][12]

Emakumearen genitalen jarioa (kunyara), orgasmoan.

Kunyazaren praktikan zehar emakumeak jariakin ugari ekoiztu eta kanporatu ohi du; horrek gizonezkoen zakila ere lubrifikatzen duelarik.

Ruandan, gernua izendatzeko erabiltzen den terminoa inkari da; kunyazan zehar jariatzen dena, berriz, amavangigo edo ibinyare (isuri garden edo zurixka, gernua baino lodiagoa, itsaskorragoa ea usainik gabea).[1]

Herri kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sacred Water (Ur Sakratua) Olivier Jourdain belgikarrak zuzendutako dokumentalak Ruandako kunyaza praktiketan sakontzen du, eta adineko gizonek belaunaldi berriekiko transmisioan. Filmeko protagonista Dusabe Vestine kazetaria da, Flash FM irratian sexuaz hitz egiten duen emakumea. Bere programaren bidez, Dusabek aktualitatea jorratzeaz gain, tradizio hori bizirik mantentzen saiatzen da, zeina hiri ruandarretako gazteen artean atzera egin duen, arbasoen ohiturari muzin eginez. 'Ur Sakratua' izenburuak, bistan denez, orgasmoan emakumeak kanporatzen duen baginaren isuriari egiten dio erreferentzia; emakume askorendako mitoa baino ez dena. Dokumentalean ruandarrek emakumezkoen anatomiari buruz eta emakumeak eiakulatzeko moduei buruz modu naturalean hitz egiten dute. Ruandan, emakumezkoen orgasmoa gizonarentzako ohorezko kontua dela ikusten da; adineko gizon eta nerabeek "ur jarioa eragiteko" egiteko teknikaz hitz egiten dute, kalean, etxeetan, ile-apaindegietan eta komun publikoetan eginiko elkarrizketetan.[17] Dokumentala zinema festibaletan proiektatua izan da, hainbat sari irabaziz.[18][19] Zuzendariak, eginiko adierazpenetan, "modernitateak, katolizismoak eta genozidioak praktika horretan eragin txarra izan dute". Era berean, "gizonezkoen jarrera ez dela ehuneko ehunean altruista, kunyaza egiten jakitea emakumea asetzeko gai izateak gizonezko gehiago izan eta sentiarazten zaituen zerbait dela" adierazi du.[19]

Ruandan, ezkontzetan ohikoa da platano-zuntzezko esterilla (ikirago / umusambi) oparitzea, koltxoia kunyararengandik babeste aldera (bikoteari orgasmo oso urtsuak opa zaizkiela esateko modua da).[9]

Emakume homosexualen harremanetan estimulazioa zakil babarekin beharrean, beste objekturen batekin ordezkatuz landu daiteke. [5]

Emakumezkoen preserbatiboak kunyazarako oztopoa izan daitezke, emakumezkoen kanpoko organo genitalak estaltzen dituenez, eta emakumearen eiakulazioa blokea dezakete.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h «Kunyaza: el secreto africano para el orgasmo femenino» web.archive.org 2017-10-05 (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  2. (Frantsesez) «Rwanda : gukuna, kunyaza… « L’eau sacrée » raconte la tradition secrète du plaisir sexuel féminin – Jeune Afrique» JeuneAfrique.com 2017-03-07 (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  3. New sex craze that has Nairobi women begging for more, Standard Digital News, 23 March 2015
  4. Former TV Presenter Offers Sex Advice To Kenyan Ladies, Nairobi Wire, 9 June 2014
  5. a b .
  6. (Ingelesez) «African Sex Culture | Labia Elongation (Gukuna Imishino)» Orijin Culture Magazine 2014-09-22 (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  7. (Gaztelaniaz) «¿Has disfrutado de un gran orgasmo femenino?» Love Matters (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  8. (Ingelesez) Stein, Matthew. «Kunyara: The Centuries-Old Sex Tradition You've Never Heard Of» AskMen (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  9. a b (Gaztelaniaz) «La eyaculación femenina en Ruanda es patrimonio cultural (y tiene una palabra que la define)» Tribus Ocultas 2017-07-20 (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  10. a b Dr. Nsekuye Bizimana, Kunyaza, a traditional sexual technique for triggering female orgasm at heterosexual encounters. Sexologies (2010)
  11. Studying intimate matters : emerging methodological challenges in studies on gender, sexuality and reproductive health in sub-Saharan Africa. Fountain Publishers 2010 ISBN 978-9970-02-999-0. PMC 732832328. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  12. a b c Guillermo Martínez Péreza, Brigitte Bagnolb y Concepción Tomás Aznar (20 de mayo de 2014). «Autoerotism, homoerotism, and foreplay in African women who practice labia minora elongation: a review». International Journal of Sexual Health (en inglés): 34.
  13. «Kunyaza, Sex Trick That Trigger Woman’s Orgasm In Five Minutes – Red Pepper Uganda» web.archive.org 2017-09-07 (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  14. (Frantsesez) Mitholo. (2013-07-24). «Le kunyaza, une méthode de nos ancêtres qui fait jouir intensement les femmes pendant les rapports» PAROLE D'AFRIQUE (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  15. .
  16. Plaisirs croisés : gukuna-kunyaza. Missions, corps et sexualités dans le Rwanda contemporain, Michela Fusaschi, Genre, sexualité & société, Autumn 2012
  17. .
  18. (Gaztelaniaz) Abundancia, Rita. (2017-06-20). «El documental que muestra a los ruandeses como maestros de la eyaculación femenina | Placeres, Sexo» S Moda EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  19. a b (Gaztelaniaz) «Lluvia de placer: la cultura de la eyaculación femenina en Ruanda» mundo.sputniknews.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).

[[Kategoria:Sexu ekintzak]] [[Kategoria:Sexualitatea]]