[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Saccorhytus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Saccorhytus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaSaccorhytida (en) Itzuli
FamiliaSaccorhytidae (en) Itzuli
Generoa Saccorhytus
Jian Han, 2017

Saccorhytus Kanbriar garaian bizi izan zen animalia bat da, gaur egun iraungita dagoena. Espezie bakarra ezagutzen da, Saccorhytus coronarius. Duela 540 milioi urte inguru bizi izan zen. Ezagutzen den deuterostomio goiztiarrena da, kordatuen arbasoa izan liteke beraz[1].

Saccorhytus izenak latinezko saccus (poltsa) eta grekerazko ῥύτις ("rhytis", zimurra) hitzak elkartzen ditu.

Txinako Shaanxi probintzian aurkitu zuen txinatar, britainiar eta alemaniar paleontologoez osaturiko talde batek[1]. 2017ko urtarrilean deskribatu zuten Han, Shu, Ou eta Simon Conway Morrisen taldeak[2].

Animalia txikia zen, 1'3 milimetroko luzera baino ez baitzuen[3]. Gorputz esferiko samarra zuen, poltsa itxurakoa, eta aho handi bat zeukan[4]. Gorputza kutikula sendo baina malguak estaltzen zuen. Ahoaren inguruan lau zimur zituen eta gorputzean zehar kono itxurako zortzi irekidura. Kono hauekiko paraleloan bi poro lerro zituen. Poro hauetan ketak egon zitezkeela ere proposatu izan da eta hauen bidez sustratura lotuko zela iradoki da.

Ez zaio uzkirik aurkitu eta beraz elikagaiak hartu eta hondakinak bota zulo beretik egingo zituen. Conway Morrisek hala ere zalantzan jarri izan du, agian oraindik ez zaio aurkitu uzkia[5].

Sakonera txikiko itsasoetako sedimentuetan harrapakin mikroskopikoak bilatzen zituen eta gorputzeko zuloetatik ura kanporatzen zuen[4].

Gorputzeko irekidura konikoek Vetulicolia taxoiarekin erlazionatzera eraman dute Saccorhytus[6]. Honen ondorioz deuterostomioen arteko alerik zaharrena gisa definitu izan da. Aurrez aurkituriko duterostomio talde goiztiarrenen data 20 milioi urtetan atzeratu zuen aurkikuntza honek[1][3].

Deutorostomioen taldea ekinodermatuek eta kordatuek osatzen dute[6], aipaturiko Vetulicolia taxoi bitxiarekin batera. Hori dela eta Bag-like sea creature was humans' oldest known ancestor ("Poltsa itxurako itsasoko izakia gizakion arbaso ezagun zaharrena izan zen") izenarekin aurkeztu zen[2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) Ghosh, Pallab. (2017-01-30). Scientists find 'oldest human ancestor'. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  2. a b (Ingelesez) «Bag-like sea creature was humans' oldest known ancestor» phys.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  3. a b Khan, Amina. «Humans, meet the ancient sea creature at the other end of your family tree» latimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  4. a b (Ingelesez) Wade, Nicholas. (2017-01-30). «This Prehistoric Human Ancestor Was All Mouth» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  5. (Ingelesez) Davis, Nicola. (2017-01-30). «A huge mouth and no anus – this could be our earliest known ancestor» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  6. a b (Ingelesez) Huang, Hai; Shu, Degan; Ou, Qiang; Morris, Simon Conway; Han, Jian. (2017-02). «Meiofaunal deuterostomes from the basal Cambrian of Shaanxi (China)» Nature 542 (7640): 228–231.  doi:10.1038/nature21072. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).



Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]