Hazia fruituen zati bat da, landare berri bat sor dezakeena. Landare gehienek hazi gisa hasten dute bizitza. Landareek loreen edo pinaburuen barruan eratzen dituzte haziak. Loredun landareetan haziak fruitu batek inguratzen ditu askotan.
Haziek baldintza egokiak behar dituzte ernetzeko edo landare berri bat sortzeko. Airea, ura, tenperatura egokia, lurzoruaren baldintza onak eta argi-kantitate egokia behar dituzte.
Hazi batek miniaturazko landare bat du, enbrioi izenekoa, erabat garatutako landare bihurtu arte handituko dena. Hazi baten kanpoko oskolak enbrioia babesten du. Haziaren barruan, material elikagarri batek janaria ematen dio enbrioiari. Loredun landareetan, material horri endosperma deitzen zaio.
Haziak elikagai-iturri garrantzitsuak dira pertsona eta animalientzat. Elikatzeko erabiltzen diren haziei ale deitzen diegu. Haziak olioak, espeziak, tinduak eta oihalak egiteko ere erabiltzen dira.
Nola ernetzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hazi garatzen denean, ama landaretik askatu egiten da. Haziak, sarritan, urte askotan egon daitezke inaktibo ernatu aurretik. Horri esker, haziak gorde eta geroago landatu ditzakegu. Hazi bat lurrean dagoenean eta baldintzak egokiak direnean ernatuko da.
Ernetzea hasten denean, enbrioiaren zatiak haziaren geruzatik askatzen dira. Zati bat beherantz hazten da; landarearen sustrai bihurtzen da, ura eta elikagaiak lurretik hartzen dituena. Beste zati batzuk gorantz hazten dira. Landarearen zurtoin eta hosto bihurtzen dira, eguzkiaren argia xurgatzen dutenak.
Nola sakabanatzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garrantzitsua da haziek ama landaretik urrun bidaiatzea. Haziak gertu lurreratzen badira, jatorrizko landarearekin lehiatzen dira argia eta ura lortzeko. Horrek esan nahi du aukera gutxiago izango dituztela bizirik irauteko.
Haziak era askotara sakabanatzen dira. Landare batzuek fruituak edo zorroak dituzte, eta ireki egiten dira barruko haziak barreiatzeko. Haizeak hazi arinei egiten die putz. Hazi batzuek, txikoria-belarrek esaterako, airean mugitzen laguntzen dieten ile-modukoak dituzte. Landare batzuek, kokondoek adibidez, inguruko uretan uzten dituzte haziak. Hazi horiek estalki iragazgaitzak dituzte, uretatik bidaiatuz urrutira iristea ahalbidetzen dietenak.
Animaliek ere beste leku batzuetara eramaten dituzte haziak. Estalki itsaskorrak edo arantzatsuak dituzten haziak animalien ilajean itsasten dira. Haziak geroago erortzen dira lurrera. Txoriek eta beste animalia batzuek fruta jaten dutenean, haziak euren gorputzetan zehar igarotzen dira eta osorik ateratzen dira kaka egiten dutenean; horrela, sarritan, fruta jan zuten lekutik urrun amaitzen dute.