[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Teoria geozentriko

Eduki-taula

Unibertsoaren errepresentazio geozentriko bat, XIII. mendekoa.

Teoria geozentrikoa edo geozentrismoa Lurra Unibertsoaren erdian dagoela defendatzen duen teoria da, eta horren arabera, Eguzkiak eta bestelako zeruko gorputzek Lurraren inguruan egiten dute bira.

Antzinako hainbat zibilizaziotan uste zuten Lur lau geldiak eta horren gainean zegoen zeruak osatzen zutela unibertsoa; eta beraz, Eguzkia, Ilargia eta izarrak Lurraren inguruan biratzen zirela.

Teoria hori Aristoteles filosofo eta zientzialari greziarraren obretan agertzen da. Autore horrek K.a. IV. mendean esan zuen Lurra unibertsoaren erdian geldirik zegoela, eta zeruko gorputz guztiek horren inguruan egiten zutela bira, bakoitzak bere esfera propioan.

K.o. II. mendean, Ptolomeo izeneko astronomo eta matematikari greko-egiptoarrak ideia horiek guztiak bildu zituen geografiari buruzko lan batean. Zientzialari horren arabera, Eguzkia, Ilargia eta zeruko gorputzak Lurretik distantzia desberdinetara zeuden esferatan biratzen ziren. Teoria horri esker azaltzen zen zergatik Ilargia, Eguzkia eta planetak abiadura eta norabide desberdinetan mugitzen ziren.

XVI. mendera arte, pertsona guztiek sinesten zuten teoria geozentrikoan, baina garai hartatik aurrera zientzialari batzuk teoria heliozentrikoa edo heliozentrismoa defendatzen hasi ziren. Horren arabera, Lurrak eta beste planetek Eguzkiaren inguruan egiten dute bira, eta ondorioz, Eguzkia da unibertsoaren zentroa. Teoria heliozentrikoa defendatu zuten lehenengo zientzialari europarrek arazoak izan zituzten Elizarekin; izan ere, autoritate feudalek bezala, soilik geozentrismoa onartzen baitzuten. Teoria geozentrikoa lotuta dago Unibertsoaren sorrera azaltzen duen azalpen biblikoarekin; Bibliaren arabera, Lurra eta gizakia ziren Jainkoaren kreazio nagusiak, eta ondorioz, unibertsoaren erdigunea izan behar zuten.