[go: nahoru, domu]

Edukira joan

Selma Huxley

Wikipedia, Entziklopedia askea
InternetArchiveBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:03, 16 iraila 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Selma Huxley

Bizitza
JaiotzaLondres1927ko martxoaren 8a
Herrialdea Kanada
HeriotzaChichester2020ko maiatzaren 3a (93 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
HeziketaLondresko Unibertsitatea
Hizkuntzakingelesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakgeografoa eta historialaria
Jasotako sariak
KidetzaEuskalerriaren Adiskideen Elkartea
Institución Fernán González

Selma Huxley (Londres, Ingalaterra, 1927ko martxoaren 8a - Chichester, 2020ko maiatzaren 3a[1]), Barkhamen alarguna denez Selma Barkham izenez ere ezaguna, Euskal Herriko eta Kanadako itsas historiaren alorrean mundu mailako ospea eskuratutako historialari kanadarra izan zen.

1972. urtean, ikertzaile independente zelarik, Euskal Herrira etorri zen bertan euskal eta kanadar historiari buruzko artxibo ikerketak egiteko asmotan, izan ere, ordura arte oso informazio gutxi baitzegoen bildurik: XVI. eta XVII. mendeetan, Ternuako antzinako lurraldean euskaldunak izan zirenekoa, Kanadako kosta atlantikotik 2.000 bat kilometrotara.

Hurrengo urteetan batik bat Euskal Herriko eta penintsulako artxiboetan egindako ikerketen bidez aurkikuntza historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin zituen. Ordura arte itzalean zegoen Euskal Herriko eta Kanadako historiaren atal bat ezagutzea lortu zuen, aurkitutako milaka dokumenturen bidez: Ternuako bale eta bakailaoaren euskal arrantza, bereziki XVI. mendekoa. Labradorren XVI. mendean egondako euskal bale industriaren aurkikuntza egin zuen: baleontzien portuak, haien oinarrien arrasto arkeologikoak, eta euskal galeoi hondoratuen arrastoak, besteak beste San Juan galeoiarenak (1565).[2]

Selma Huxley ikerlariak Labradorren aurkitutako baleontzien portuetako bat, gaur egun Red Bay izenez ezagutzen dena, National Historic Site izendatua izan da, eta Kanadako Gobernuak UNESCOren Gizateriaren Ondare izan dadin aurkeztu du bere izendapena.[3]

Familia eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Huxley Ingalaterran jaio zen zientzialariz eta intelektualez osatutako familia batean. Ospetsuak izan ziren, besteak beste bere aita zena, Michael Huxley, diplomazialaria eta Geographical Magazine aldizkariaren sortzaile eta editorea, aitaren lehengusuak, Aldous Huxley idazle ospetsua eta Sir Julian Huxley biologoa (UNESCOren lehenengo zuzendari izandakoa), edota aitona, Darwinen Bulldoga izenez ezaguna zen Thomas Henry Huxley zientzia gizona. Bere ama, Ottilie de Lotbinière Mills, Sir Henri-Gustave Joly de Lotbinière politiko eta kontserbazionistaren biloba zen, Kanadako Gobernuko ministro eta Quebeceko lehenengo ministroa izan zenarena.

Nerabezaroa Bigarren Mundu Gerra bitartean igaro zuen, Ingalaterra eta Estatu Batuen artean. Behin Gerra amaitua, Pariseko eta Londreseko unibertsitateetan ikasketak egin zituen.

Ingalaterratik Kanadara eta Euskal Herrira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953an Kanadako senideei bisita egiten denboraldi bat pasatzea erabaki zuen, eta Montrealen bizi izan zen, Orri Horietan eta irakasle moduan lan egiten; ondoren McGill Unibertsitateko Ipar Amerikako institutu Artikoko liburuzain bezala egin zuen lan.

Bertan zegoelarik urte batzuk geroago bere senarra izango zena ezagutu zuen, Brian Barkham arkitekto gazte ingelesa, Euskal Herriaren maitale sutsua. 1950ean Barkham, Londreseko Unibertsitateko klasekidea zuen John Stoddartekin batera, Ingalaterratik motorrez atera zen, Andaluziako landa arkitektura ikasteko asmotan. Baina, hainbat egoera zirela medio, Euskal Herrian amaitu zuten bere bidaia, eta bertako baserriak ezagutu zituen, hauek izango zirelarik geroago bere tesiaren gai nagusi. Biek lagun onak egin zituzten Euskal Herrian eta lurraldea oso gustuko izan zuten; hori dela eta bertara bueltatu ziren 1951ean.

Huxleyk ez zekien zenbaterainoko eragina izango zuen topaketa hark, bere bizitza aldatuko baitzuen, izan ere Euskal Herriko eta Kanadako historiari buruzko aurkikuntza garrantzitsuak egitera eramango zuen etorkizunean. 1954an ezkonberriak Ottawara mugitu ziren, non Barkhamek arkitektura bulego bat sortu zuen eta familia bat osatu zuten. Handik bi urtetara, Euskal Herria bisitatu zuten, eta bertan lagun zuten On Pio Montoia apaiza Kanadan izandako euskaldunei buruz mintzatu zitzaien.[4]

Etorkizunerako planak antolatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an, 37 urte zituela, alargun gelditu zen 10 urtetik beherako 4 seme-alabekin, hauek aurrera ateratzeko beharrarekin. Kanadako National Historic Sites-en lan egin zuen hainbat proiektutan historia-garrantzia zuten toki batzuen azterketan eta eraberritzean.[5] Proiektu horietako bat Louisbourg zaharberritzeko lana izan zen, Cape Breton uhartean, Kanadako kosta Atlantikoan.

Lan horren eraginez, aurreko mendeetan bertara gerturatzen ziren arrantza ontzi europarrei buruzko interesa bereganatzen hasi zen, bereziki euskaldunei buruzkoa, zeinekin lotura estua mantentzen zuen bere senarra zenaren eraginez. Bere interes intelektual eta sentimentalak bateratuz, Espainiako eta Frantziako zenbait artxibotan XVI. eta XVII. mendeetan egin ziren euskal espedizioei buruzko informazioa biltzeko plana sortu zuen. Baina horretarako bazekien espainolez ikasi beharra zeukala, dagoeneko frantsesez eta ingelesez bazekien ere.

Mexiko eta itzulera Euskal Herrira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an bere familiarekin kotxez Mexikora mugitzea erabaki zuen; bertan irakasle moduan lan egin zuen, bere familia mantentzeko. 3 urteren ostean, 1972. urtean, bere ikerketak martxan jartzeko Kanadako Arte Kontseiluari ikasle laguntza bat eskatu zion. Horren ostean, zeukan dena eta bere familia itsasontzi batean sartu, eta Bilboko euskal portura abiatu ziren.

Hala ere, ikerketa horiek egiteko ez zuen inongo diru-laguntzarik izan, eta hori dela eta bere kabuz lortutako dirua erabili zuen hainbeste desiratzen zituen ikerketa haiek gauzatzeko. Eskatu zuen ikasle-laguntza ez zioten egokitu, izan ere, Kontseiluaren ustetan proposatutako ikerketa egina zegoen orduko.

Huxley langabe zegoen, dirurik gabe, eta helburu zehatzik ere ez zuen. Nahiz eta garai txarrak izan, ez zuen amorerik eman. Bere ustez artxiboetan informazio baliagarria aurki zitekeen. Euskal Herrian igarotako lehenengo urtean ingelesa irakatsi zuen egunez, eta gauean espainiar paleografia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Kanadar anonimo batek mila dolar eman zizkion; horrekin alokairua ordaindu zuen, eta artxiboetan lehenengo aurkikuntzak egiten hasi zen.

Egindako aurkikuntza horiek oinarritzat hartuz, 1973an Kanadako Artxibo Publikoekin kontratu bat sinatzea lortu zuen, Espainian Kanadarako interesgarriak suerta litezkeen dokumentuak bilatzeko. Hala eta guztiz ere, kontratua berritu egin behar zen noizean behin, lanaldia partziala zen, eta kontratuak ez zituen barnean hartzen ez telefonoa ezta kotxea ere. Muga horiek izan arren, gainerako denboran berak bere kabuz jarraitu zuen ikerketak egiten. Urte horretan bertan Oñatira etorri zen, eta han zegoen Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoak zuen garrantziaz ohartarazi zen. Oñatin 20 urtez biziko zen.[6]

Artxiboetan aurkikuntzak eta berreraikuntza historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteetan zehar udal, parrokia edota notariotzako 40 bat artxibotan ikertu zuen, Tolosa, Bilbo, Burgos, Valladolid, Madril, Sevilla eta Lisboan, besteak beste. Pixkanaka Ternuan egondako euskaldunen gaineko XVI. eta XVII. mendeetako dokumentuak aurkitzen joan zen, antzinako gazteleraz idatziak, haien artean aseguru polizak, auziak, testamentuak, pleitamendu eskriturak, tripulatzaile kontratuak, edota tresneria eta horniduren zerrendak. Euskal itsas ekonomiari buruzko beste hainbat eskuizkribu ere aurkitu zituen ontzigintza, merkataritza eta Europako arrantzari buruzkoak, besteak beste.

Aurkitutako dokumentu zehatz horiei esker lortu zuen jakitea Kanadako kosta atlantikoan egiten zuten bakailao arrantza ez ezik, euskaldunek XVI. mendean bale arrantzan jardundakoak ere izan zirela. Dokumentu horiek zehatz aztertuz garai hartako euskal arrantzaren alderdi gehienak ezagutzea lortu zuen: haien tamaina, eskala, garapena, antolakuntza, jasotzen zuten diruaren jatorria, itsasontzi motak, ibilbide eta helmugak, arrantza sasoiak, hondoratzeak, bizitza, lanbidea eta marinel askoren heriotza, elikagai eta arropak, amerindiarrekiko harremana, merkatuak, eta abar.

Euskaldunen bidaien helmugak Kanadan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende hartako itsasontziei dagokienez, bakailao itsasontziak ez bezala, baleontziak Ternuan zegoen euskaldunek Badia Handia izendatzen zuten 12 bat portutara iristen ziren. Huxleyk garai hartako mapak, ‘derroteros’ (ibilbide liburuak) eta itsas kartak aztertu zituen Frantziako eta Ingalaterrako liburutegi nazionaletan.

Hala, jakin zuen bakailao ontziek gaur egun Ternua izenpean ezagutzen den irlaren portuak erabiltzen zituztela, batez ere. Baleen arrantzari dagokionez, adierazi zuen Badia Handia deitutako lurraldea gaur egungo Belle Isle itsasarteari dagokiona dela, Ternua eta Labrador bereizten dituena, eta antzinako baleontzien portuak, artxiboetan aurkitutako dokumentuetan agertzen zirenak, Belle Isle itsasartearen ipar kostan eta Labradorreko hegoaldeko kostaldean kokatuta zeudela.

Are gehiago, baleontzien portu horietako bakoitzaren kokapena zehaztea lortu zuen, baita zein izen duten gaur egun adieraztea ere. Horrela, gaur egun Middle Bay izenez ezagutzen den portuak orduan Gradun izena zuen, orduko Puerto Breton gerora Carrol Cove bilakatu zen, eta Buttes deitutakoak, porturik garrantzitsuenak, Red Bay izena du gaur egun. Beraz, XVI. mendeko Labradorreko euskaldunen bale arrantza aditzera eman ez ezik, baleontzi horien guztien portuei buruzko informazioa ere biltzea lortu zuen.

Kostalde hartan idatzitako eta artxiboetan aurkitutako hiru eskuizkribuk berebiziko garrantzia izan zuten: txalupa batzuen salmentak (1572) eta bi testamentuk (1577 eta 1584). Eskuizkribu horiek Kanadan idatzitako jatorrizko dokumentu zibil antzinakoenak ziren.

Aurkikuntza arkeologikoak Labradorren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitutako informazio eta dokumentuengatik bazekien Labradorreko portuetan ezinbestekoa zela euskal baleontzien aztarnak izatea, bai lurrean eta baita itsaspean ere, eta bilatu nahi zituen. Ordura arte egindako ikerketetan oinarrituz, 1977ko udan Huxleyek Labradorreko hegoaldean arkeologiako espedizio bat antolatu zuen. Kostaldean zeuden hainbat porturen azterketa egin zuen, eta arrasto arkeologikoak aurkitu zituen, hala nola Red Bayn, eta hala, aurkikuntzek aurreko urteetan berak Europan egindako lana berretsi zuten. Egindako espedizioan, besteak beste, Ternuako Memorial Universityko arkeologoa zen James Tuck ere izan zen.

Huxleyek aurkitutako eskuizkribuen artean, batzuek XVI. mendean Badia Handiko portu zehatz batzuetan gertatutako hainbat baleontziren hondoratzeari buruzko informazioa jasotzen zuten; horien gaur egungo izenak Labradorreko kostaldean zehaztuak zituen jada: Pasaiako bat Los Hornosen -Pinware Bay- (1563), Mutrikuko Madalena eta Donostiako Maria Chateon -Chateau Bay/ Henley Harbour- (1565 eta 1572an) eta Pasaiako San Juan eta Bordeleko Madalena Buttesen -Red Bay- (1565 eta 1574/75ean).

Espedizioa egin eta urtebetera, 1978an, Parks Kanadako itsaspeko arkeologo talde batek, Robert Grenier burua zelarik, eta historialariaren ikerketak oinarri hartu eta honek emandako informazio zehatzaz baliatuz, Red Bay eta Chateau Bayn itsas azpiko azterketak egin zituen. Bi portuetan ondoratutako itsasontzi bana aurkitu zuten, XVI. mendeko baleontziei zegozkienak. Egindako aurkikuntzak azaltzeko prentsaurrekoa egin zen, Kanadako Artxibo Publikoetan.

Handik aurrera Huxleyk ikertzen jarraitzen zuen bitartean lurreko eta itsaspeko indusketek aurrera egin zuten Red Bay eremuan, Tucken eta Grenierren gidaritzapean hurrenez hurren; Red Bay 1979. urtean Kanadako National Historic Site izendatua izan zen.

Kongresuak, argitalpenak, sariak eta Unesco

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari honek bere ikerketen emaitzak hainbat kongresutan aurkeztu ditu eta hainbat argitalpen ere egin ditu. Bere lanik osatuena ondorengoa litzateke: ‘Los vascos en el marco Atlántico Norte. Siglos XVI y XVII’ (Donostia: Etor, 1987). Hainbat komunikabide aldizkari, liburu eta dokumentaletan agertu izan da bere lana. 1985ean, Red Bayko arkeologiarekin batera National Geographic aldizkariaren azaleko artikulua izan zen.

Hainbat sari eta ohore jaso zituen, nazionalak zein nazioartekoak. 1981ean, Kanadako Ordena esleitu ziotenean, prentsaurrekoan zera adierazi zuten Labradorren egindako aurkikuntzez, “Kanadako oso ezezaguna zen historiaren zati bat (1540-1600) azaleratu zuen”. 1993. urtean, Memorial Unibertsitateak Honoris Causa doktorea izendatu zuen, “XVI. Mendeko Kanadako historiaren berrikuspena” eragiteagatik. 2009an Fellow izendatu zuen nazioarteko Wings WorldQuest erakundeak; erakunde horrek “ikerketa zientifikoaren aurrerapenean eta ingurumenaren defentsan lan egiten duten emakumeak’ goraipatu eta babesten ditu.

2013. urteko ekainean UNESCOk epaitza eman du eta Red Bay, gaur egun National Historic Site dena, Gizateriaren Ondare izendatu du. Hautagaitza hau Euskal Herriarentzat eta Kanadarentzat Huxleyek egindako ikerketek izandako garrantziaren isla da.

Selma Huxleyren obra garrantzitsuen artean hauek daude:

  • “Bowhead Whales, and Not Right Whales, Were the Primary Target of 16th- to 17th-Century Basque Whalers in the Western North Atlantic”.(with B. A. McLeod, M. W. Brown, M. J. Moore, W. Stevens, M. Barkham and B. N. White), Arctic, 61, 2008, 61-75. orr.
  • “A Note on Five Documented 16th-Century Basque Shipwrecks in Harbours of Southern Labrador”[Betiko hautsitako esteka] (with M. Barkham), Itsas Memoria/Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5, 2006, 773-776 o. (published in Spanish on 771-773. orr.)
  • “Basques? Beothuk? Innu? Inuit? or St. Lawrence Iroquoians? The Whalers on the 1546 Desceliers Map, Seen through the Eyes of Different Beholders”, (with C. A. Martijn and M. M. Barkham), Newfoundland Studies, 19, 2003, 187-206. orr.
  • “Between Cartier and Cook: The Contribution of Fishermen to the Early Toponymy of Western Newfoundland”, Northern Seas, Yearbook 1999, 2001. 23-31. orr.
  • “The Mentality of the Men behind Sixteenth-Century Spanish Voyages to Terranova”, in G. Warkentin and C. Podruchny, eds., Decentring the Renaissance: Canada and Europe in Multidisciplinary Perspective, 1500-1700 (Toronto: University of Toronto Press), 2001. 110-124. orr.
  • “Reflexiones acerca de la transformación de los métodos de investigación sobre la historia marítima vasca de los siglos XVI y XVII”[Betiko hautsitako esteka], Itsas Memoria/Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 1, 1996. 48-57. orr.
  • “Los Arriola de Urazandi: iniciativa empresarial marítima en Vizcaya y Guipúzcoa (c. 1540-c. 1630)”[Betiko hautsitako esteka], (with M. M. Barkham), Itsas Memoria/Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 1, 1996. 349-388. orr.
  • “Aperçu de l'évolution de la pêche sur les côtes de l'Est canadien”, in L'aventure maritime, du golfe de Gascogne à Terre-Neuve (Actes du 118e congrès national annuel des sociétés historiques et scientifiques, Pau, Octobre, 1993) (Paris: Éditions du CTHS, 1995), 173-180. orr.
  • “Aseguradores burgaleses y pesca transatlántica en el País Vasco: el efecto de las guerras sobre sus negocios (h. 1540-h. 1585)”, Actas del V centenario del Consulado de Burgos (Burgos: Diputación provincial, 2 volumes), 1, 1994, 529-553. orr.
  • “The Arriolas of Urazandi: Maritime Enterprise in Vizcaya and Guipúzcoa (c. 1540 to c. 1630)”, (with M. M. Barkham) in R. Basurto Larrañaga, ed., Homenaje a Francisco de Abrisketa (Bolibar: Sociedad Bolivariana del País Vasco), 1993, 269-298. orr.
  • “Los balleneros vascos y su influencia sobre el medio ambiente en Labrador, 1530-1700”, in América y los Vascos (published in commemoration of the 500th anniversary of the "Discovery" of America, Vitoria-Gasteiz, Gobierno Vasco), 1992, 139-153. orr.
  • “Diego de Bernuy, ejemplo de un mercader no lanero”, in Historia de Burgos (Burgos: Caja de Ahorros Municipal), III-2, 1992, 193-229. orr.
  • “Basque exploration and discovery”, in Christopher Columbus Encyclopedia (New York: Simon and Schuster), 1, 1992, 265-266. orr.
  • “North America”, in J. Keay, ed., The Royal Geographical Society History of World Exploration (London: Hamlyn), 1991, pp. 128–163
  • “The Basque Coast of Newfoundland”, (Plum Point: The Great Northern Peninsula Development Corporation), 1989
  • “Plate 22: The 16th Century Fishery”, (with J. Mannion) in R.C. Harris, ed., The Historical Atlas of Canada (Toronto: University of Toronto Press), 1, 1987
  • “Los vascos y las pesquerías transatlánticas, 1517-1713”, in S. Huxley [Barkham], ed., Los vascos en el marco Atlántico Norte. Siglos XVI y XVII (San Sebastián: Etor Editorial), 1987, 26-210. orr.
  • “¿Quién era Martín de Villafranca?”, in S. Huxley [Barkham], ed., Los vascos en el marco Atlántico Norte. Siglos XVI y XVII (San Sebastián: Etor Editorial), 1987, 294-297. orr.
  • “The Fishermen's Contribution to the Early Cartography of Eastern Canada”, (Paper presented at the 11th International Conference on the History of Cartography, Ottawa, July, 1985) (Typescript available at the Centre for Newfoundland Studies, Queen Elizabeth II Library, Memorial University of Newfoundland, St. John`s, Newfoundland)
  • “Desde el Golfo de Vizcaya hasta la Gran Bahía”, El Campo, 99, 1985, 3-7. orr.
  • “The Basque Whaling Establishments in Labrador, 1536-1632. A Summary”, Arctic, 37, 1984, 515-519. orr.
  • “From Biscay to the Grand Bay”, Horizon Canada, 1, 1984, 14-19. orr.
  • “El mundo de Martín de Artalequ un marino vasco en la carrera de Terranova y de Indias”, Boletín de Estudios Históricos Sobre San Sebastián, 16-17, 1982-83, 484-499. orr.
  • “Documentary Evidence for 16th Century Basque Whaling Ships in the Strait of Belle Isle”, in G. M. Story, ed., Early European Settlement and Exploitation in Atlantic Canada (St. John's: Memorial University of Newfoundland), 1982, 53-95. orr.
  • “Unos apuntes sobre el papel comercial de la mujer vasca en el siglo XVI”, Cuadernos de Sección de Antropología-Etnografía, 1, 1982, 159-167. orr.
  • “Burgos Insurance for Basque Ships: Maritime Policies from Spain, 1547-1592”, Archivaria, 11, 1980-81, 87-99. orr.
  • “Finding Sources of Canadian History in Spain”, Canadian Geographic, 100 (#3), 1980, 58-73. orr.
  • “A note on the Strait of Belle Isle during the period of Basque contact with Indians and Inuit”, Études/Inuit/Studies, 4, 1980, 51-58. orr.
  • “Los balleneros vascos en Canadá entre Cartier y Champlain”, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 35, 1979, 3-24. orr.
  • “Divers find sunken Basque galleon in Labrador”, (with R. Grenier), Canadian Geographic, 97 (#3), 1978-79, December – January, 60-63. orr.
  • “The Basques: Filling a gap in our history between Jacques Cartier and Champlain”, Canadian Geographical Journal, 96 (#1), 1978, 8-19. orr.
  • “Vascos en Terranova. Dos cartas de afletamientos de naves en San Sebastián en 1564”, Boletín de Estudios Históricos Sobre San Sebastián, 12, 1978, 191-200. orr.
  • “The Identification of Labrador Ports in Spanish 16th Century Documents”, Canadian Cartographer, 14 (#1), 1977, 1-9. orr.
  • “First Will and Testament on the Labrador Coast”, The Geographical Magazine, 49 (#9), 1977, 574-581. orr.
  • “Guipuzcoan Shipping in 1571 with Particular Reference to the Decline of the Trans-Atlantic Fishing Industry”, in W. A Douglass, ed., Anglo-American Contributions to Basque Studies: Essays in Honor of Jon Bilbao (Reno, Nevada: Desert Research Institute Publications on the Social Sciences, #13), 1977, 73-81. orr.
  • “Two documents written in Labrador, 1572 and 1577”, Canadian Historical Review, 57 (#2), 1976. 235-238. orr.
  • “Privateering: The North American Dimension to 1625”, (with D. B. Quinn) in M. Mollat, ed., Course et Piraterie, Paris, 1975.
  • “The Spanish Province of Terranova”, Canadian Archivist, 2 (#5), 1974, 73-83. orr.
  • “[Basque] Building Materials for Canada in 1566”, Bulletin of the Association for Preservation Technology, 5 (#4), 1973, 93-94. orr.
  • “Mercantile community in inland Burgos”, The Geographical Magazine , 42 (#2), 1973. 106-113. orr.

Sariak eta errekonozimenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1980an Geografiaren Errege Elkarte Kanadiarrak bere Urrezko Domina eman zion (hau jaso zuen lehenengo emakumea izan zen). Elkarte honek argitaratzen duen aldizkarian, editorialak saria iragarri zuen eta artikulu honetan ondorengoa aipatzen zuen: "[Barkhamek] ikerketa lanean jarraitzen badu ere, [...] gure Historiako hutsune bat osatzeko lan handia egin du, Cartier eta Rodeval-en garaitik [...] XVII.mendean Champlain agertu zen arte [...]. Urrezko Domina aldizkakotasun zehatzik gabe ematen den saria da eta bere helburua geografiaren jakintza- alorrean pertsona batek edota lantalde batek eginiko lorpena aitortzea da, baita -batzuetan- nazioko edo nazioarteko gertaera bat aitortzeko aukera ere bada. Selma Barkhamen kasuan, Elkarteak bi arrazoi horiengatik saria merezi zuela iritzi zuen.
  • 1981an Kanadako Gobernuak Kanadako Ordena eman zion bere lan aitzindariagatik eta “nazio honetako historiari azken urteotako ekarpen garrantzitsuenetako bat” egiteagatik.
  • 1981ean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbakiko bazkide gisa izendatua izan zen.
  • 1985ean Windsor-eko Unibertatsitateak (Kanada), Honoris Causa Doktoretza eman zion.
  • 1992an Bilboko Ohorezko Kontsul izendatu zuen Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak, gaur egunera arte sari hau jaso duen emakume bakarra izanik.
  • 1993an Terranovako Memorialaren Unibertsitateak, Kanadan, Honoris Causa Doktoretza eman zion. Omenaldi horretan eginiko hitzaldian "[Huxleyk] eginiko euskal elementuaren aurkikuntzak XVI.ko historia kanadiarraren berrazterketa eragin du." (Memorial University of Newfoundland Gazette, 3 de junio de 1993, pág. 7.)
  • 1999an Sabino Arana Fundazioaren Kultura Saria jaso zuen (1998 edizioa), Bilbon.
  • 1999an Terranovako San Juan hiriak, Terranova eta Labrador probintziako hiriburuak, bere kale bati "Barkham Street" izena jarri zion, bere omenez. Ekitaldian ondorengo esan zuten: “Barkhamek berraurkitutako euskaldunen presentzia Terranovako historia hurbilaren ezagutzan eginiko ekarpen esanguratsuenetakoa izan da".
  • 2000an Red Bay-ko udaletxeak, Labrador-en, bertako gizarte-etxeari "Selma Barkham" izena jarri zion.
  • 2002an Kanadako Gobernuak Erreginaren Urrezko Jubileuaren Domina eman zion. Aitortza hau "Beren komunitateei edo Kanadari orokorrean ekarpen bikainak edo eredugarriak egin dituzten kanadiarrei" egiten diete.
  • 2008an Terranova eta Labradorreko Probintziako Legebiltzarrean Huxleyk eginiko aurkikuntzaren 30.urteurrena (1977-2007) gogoratzeko adierazpena egin zen. Bere ikerketari esker nazioartean famatua egin zuen Red Bayko portua, XVI.mendean euskal baleazaleen tokia kokatu baitzuen. Urteurren hori ospatzeko Red Bayko portuan historiagile honen omenaldia ospatu zen.
  • 2009an "Wings WorldQuest" nazioarteko erakundearen Fellow izendatua izan zen. Erakunde honek "ikerketa zientifikoan eta ingurumenaren kontserbatzioan aurrerapausoak ematen dituzten emakumeak babestu eta aitortzen ditu". Izendapen honekin berak egindako lana aitortu nahi izan zen: XVI.mendeko milaka agiri aurkitzea, euskal eta espainiar artxiboetan eta Labradorreko kostaldean XVI.ko euskal baleontzien arrastoak aurkitzea.
  • 2010ean Bizkaiko Ikastolen Elkartearen omenaldia jaso zuen, beste pertsona eta erakunderen artean (Ibilaldia 2010), itsasoarekin erlazionatutako gaietan "euskara eta euskal kultura bultzatzen lagundu zuelako".
  • 2012an Burgosko Historia eta Arte Ederren Errege Akademiako akademiko izendatua izan zen.
  • 2012an Kanadako Gobernuak Erreginaren Diamantezko Jubileuaren Domina eman zion.
  • 2013an Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioaren (Aquarium) Urrezko Domina jaso zuen, "bere ikerketa lanak eta aurkikuntza aitzindariak aitortzeko".
  • 2014ko otsailaren 25an Eusko Jaurlaritzak eskeini ohi duen Euskal Herriak Lagun Onari saria jaso zuen.[2][7]
  • 2015ean Newfoundland eta Labradorreko ordena.[8]
  • 2017an Oñatiko herriarekin izandako harreman estuaren aitortza bezala, Selma Huxley izena daraman ikerketa-beka sortu du.[9][10][11]
  • 2018an Donostiako Aquariumaren urrezko domina.[12][13]
  • 2018an Gografia Elkarte Espainiarraren saria jaso zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Selma Huxley historialaria zendu da. 2020ko maiatzaren 4a, Berria.eus
  2. a b «Selma Huxley ikertzaileak Lagun Onari saria jaso du» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  3. Selma Huxley, euskal baleaguneen ikertzailea. (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  4. «Huxley Barkham, Selma - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  5. «Selma Huxley ikertzailea, balea eta euskal arrantzaleei so - Zientzia Kaiera» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  6. «Selma Huxley, historia arakatzaile nekaezin baten istorioa» https://goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  7. Museoa, Untzi. «Selma Huxleyk “Lagun Onari” goraipamena jaso du» untzimuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  8. Irekia. «Irekia - Selma Huxley Barkham andreak Newfoundland eta Labradorreko ordena jaso du, St. John´s hirian.» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  9. «"Selma Huxley Berkham" udal ikerketa beka — Oñatiko udala» www.xn--oati-gqa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  10. (Gaztelaniaz) «Oñati visibilizará la aportación de las mujeres a través de una beca. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  11. «Selma Huxley historialariari omenaldia» https://karkara.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  12. Berria.eus. «Urrezko Domina jaso du Selma Huxleyk» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
  13. «Selma Huxleyren omenaldia | Omenaldia | Museoak eta ondarea | Gipuzkoa Kultura» www.gipuzkoakultura.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]